Zurutuzak ez du lesio larririk, baina oso zaila du Atletico Madrilen aurka jokatzea

Realean beldur ziren jokalariak eskuineko orkatilako lotailuren bat hautsi izana, baina bihurritua du bakarrik

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Realean lasaitu ederra hartu zuten atzo David Zurutuzari egindako osasun probaren emaitzak ikusitakoan. Erdilariak ez du lesio larririk eskuineko orkatilan. Bigarren graduko bihurritu bat du, eta bi aste inguru beharko ditu osatzeko. Beraz, oso zaila izango da prest egotea hilaren 21ean Anoetan Atletico Madrilen aurka jokatu beharreko partidarako.

Ez da berri ona, baina ezta txarra ere. Okerragoa izan zitekeen. Klubean beldur ziren jokalariak Betisen aurkako partidan lotailuren bat hautsi izan ote zuen. Lotailuren bat hautsi izan balu, denbora luzean egon beharko zuen jokatu gabe: bi hilabete inguru. Beraz, bi aste inguruko etenaldia ez da horrenbesteko arazoa. Gainera, baliteke lehenago osatzea eta Atletico Madrilen aurka jokatzeko prest egotea. Hori, hala ere, hurrengo egunetan ikusiko da, tratamendua nola doan. Atzo jada lanean hasi zen.

Bestalde, Mikel Gonzalezek atzo azpimarratu zuen taldeak aurrekoetan baino lan hobea egin zuela Sevillan. «Ez da kontsolagarria, baina horrela jokatuta, gertuago izango dugu garaipena». Etxetik at dituzten estatistikak gogoratu ziotenean, atzelariak esan zuen datuak hor daudelabaina ez direla izan «inor baino gutxiago». Atletico Madrilen aurkako lehiaz, berriz, adierazi zuen aurkaria «indartsu» dagoela baina beraiek ere «indartsu» dabiltzala etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.