Zuzenena

Celtari irabazita, jaitsiera postuetatik aterako da Athletic; galduta, berriz, handia izango da aldea

haritz gallastegi
2007ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Athleticek finala jokatuko du Balaidosen. Beste bat. Joan den denboraldia eta aurtengoa kontuan hartuta asko dira. Gehiegi. Baina, Athleticek merezi duena dauka. «Ligako sasoi honetan atzean dagoenak ez dauka ezer esateko. Sailkapenak bakoitza bere lekuan ipintzen du», esaten du sarri askotan Jose Manuel Esnal Manek. Ez dauka arrazoi faltarik.

Bada, memento honetan Espainiako Ligako hiru talde txarrenen artean dago talde zuri-gorria. Zuzenean Bigarren Mailara bidaltzen duten postuetan. Beraz, Athleticek berandu baino lehen esnatu beharko du. Balaidos zelai aproposa dirudi aurrerapausoa emateko. Aproposena, seguruenik. Celtak Maneren taldeak baino puntu bat gehiago dauka. Ondorioz, garaipenak asko balio du. Athleticek aurrea hartuko lioke memento honetan duen aurkari zuzenenari. Bide batez, azken bi partidatan egindako lan txarra ahazteko balioko luke. Bartzelonaren aurkako porrotak galdu zen moduagatik eman zuen min. Ez zuten grina erakutsi, motel aritu ziren. Gimnasticen aurkako kolpea are eta gogorragoa izan zen. Batez ere inork gutxik espero zuelako.

Garaipenak balio handia izango du, duda barik. Berdinketa ere ez litzateke txarra izango. Baina galduz gero zer gertatu daitekeen ez pentsatzea hobe izango da. Athletic hilzorian utziko luke. Salbaziotik urrun. Eta horrek sekulako tentsioa eragingo luke talde zuri-gorrian. Beldurtzeko adinakoa. Izan ere, oraingo egoera larria baita oso.

Halere, Maneren eta bere jokalarien asmoa irabaztea da. Horretarako, zuri-gorrien bertuteak aprobetxatu eta kontrarioaren gabeziak azalarazten ahaleginduko da Athletic. Nekea eta presioa izan daitezke galiziarrek egun dituzten gabezia nagusiak. Nekea, aste honetan UEFAko partida jokatu dutelako. Alemaniako Werder Bremen talde indartsuaren aurka jokatu zuten Balaidosen. Galdu egin zuten. Beraz, aurrera egiteko zailtasunak izango ditu Vazquezen taldeak. UEFAn zer egiten duen gutxi axola zaio Athletici, ordea. Ostegunean jokatu eta gaur berriz zelairatuko diren jokalarien nekea aprobetxatzen ahalegindu beharko dira bilbotarrak. Celtan aldaketak egongo dira -eurentzat Liga delako lehentasun nagusia-, baina jokalari guztiek ezin izango dute atseden hartu.

Bestalde, Celtak Balaidosen dituen arazoak baliatu beharko ditu Athleticek. Zuri-gorrien antzera, ezinean ari da etxean. Garaipen bat besterik ez du eskuratu -Valentzia indartsuaren aurka irabazi zuen-. Guztira zortzi puntu irabazi ditu. Etxean eskuratutako emaitza txarrak eta horrek eragindako egoerak krisi egoeran murgildu ditu galiziarrak. Zaleak ez daude konforme Fernando Vazquez egiten ari den lanarekin. Zuzendaritzako kideek birritan kendu gura izan dute taldetik, baina ezin izan dute ordezko aproposik aurkitu. Ondorioz, teknikari galiziarrak jarraitzen du karguan. Celta larri dago eta Athleticek ezin dio hobetzeko aukerarik eman.



BI ALDAKETA HAMAIKAKOAN. Galiziarrei arnasa hartzen ez lagatzeko aldaketa bi egingo ditu hasierako hamaikakoan Manek. Javi Martinez eta Javi Gonzalez izango dira nobedade nagusiak. Erdilari nafarrak Adurizen postua hartuko du. Ez dauka sasoi hasierako freskotasuna, baina prest dago laguntzeko. Erasoan bere indarra baliatzen saiatuko da eta defentsan aurkariaren hegaleko joko arriskutsua zaintzeko ardura izango du.

Defentsan, berriz, Javi Gonzalez izango da nobedadea. Mane ez dago gustura Casas egiten ari den beharrarekin. Beraz, aukera izan duenean aldatu egin du. Jokatzeko aukerarik izango ez duena Joseba Etxeberria da. Athleticek azken hamarkadan izan duen ikur nagusietako bat deialditik kanpo geratu da. Aspaldian dezente egin du behera bere jokoak eta Manek konfiantza galdu du jokalariarengan. Bestalde, aspaldiko partez deialdian dago Luis Prieto.

Dena dela, Manek ez ditu jokalariak bakarrik aldatuko. Joko sistema ere aldatuko du. Athletic zuzentzeko ardura eman ziotenean erabili zuen 4-2-3-1berreskuratuko du. Defentsaren eta erasoaren artean oreka gehien eman zion sistema, alegia. Orain jokalarien esku dago jokatzeko era ona egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.