Komunikazioa

'11.bit' saioarekin jarraitzea hitzartu dute Azkue fundazioak eta Hamaikak

Gaur hasiko da Hamaika telebista teknologiari buruzko asteroko programa berriro ematen

Ane Azkue, Rodrigo Gartzia eta Iñaki Uria, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak eta Azkue fundazioak berritu egin dute 11.bit teknologia berriei buruzko saioa ematen jarraitzeko duten hitzarmena. Hala, astero ordu erdiko tartea izango dute berrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazioak eta gailu berriek Hamaikaren programazioan. Halaber, hainbat bideo bitxi eskainiko zaizkie saioaren ikus-entzuleei. Gaurtik hasita, asteazkenero emango dute 11.bit programa, 20:15ean.

Elkarlanerako hitzarmenaren izenpetze ekitaldian Hamaika telebistako zuzendari nagusi Iñaki Uria, Azkue fundazioko zuzendari Rodrigo Gartzia eta 11.bit saioaren aurkezle Ane Azkue izan dira. Gartziak azpimarratu duenez, ez da ituna sinatu duten lehen aldia. «Hori pozik gauden seinale da».Eta nabarmendu du bai Azkue fundazioaren bai Hamaika telebistaren asmoa «euskara nerabe eta gazteei zabaltzea» dela.

Ildo beretik, Gartziak esan du Hamaika telebista «desberdin, euskaldun, urbano eta gaztea»dela eta horrek «bete-betean» bat egiten duela Azkue fundazioaren lanarekin. Horren ondorioz, eta aurreko urtean saioak izandako «arrakasta» dela medio, aurten ere hitzarmena sinatzea erabaki dutela gaineratu du. Bestalde, euskararen eta Interneten arteko harremana izan du hizpide Gartziak. Haren hitzetan, «euskara Wikipedian artikulu gehien duten hizkuntzen artean 22.a da». Ondorioz, Azkue fundazioko presidenteak uste du hiztun aldetik munduan duen presentzia baino «handiagoa» dela euskarak Interneten duena. Horrek euskal hiztunak «oso aktiboak» direla uzten du agerian, Gartziaren irudiko.

Haren ostean Iñaki Uriak hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkio Azkue fundazioari, «horrelako edukiak telebistan agertzea posible egiten duelako». Duela bi aste Hamaikak webgune berria aurkeztu zuela gogora ekarri du.Horren bidez «gailu guztietara heltzea» espero dutela adierazi du telebistako arduradunak.

Izan ere, smartphone zein tabletek gero eta garrantzi handiagoa dute ikus-entzunezko edukien hedapenean, eta Hamaika telebista errealitate horretara egokitzeko bidean da.

«Saio biziagoa»

Gaur hasiko den denboraldian 11.bit-ek izango dituen atalak deskribatu ditu saioaren aurkezle berriak, Ane Azkuek. Hark jakinarazi duenez, lau dira programaren sail nagusiak. Sumarioaren ostean, teknologia berrien inguruko albisteek osatuko dute lehen atala.

Ondoren, Azkue fundazioaren tartea emango dute, erakundearen proiektuak zertan diren azaltzeko. Hurrena, Euskal proiektua izeneko atala etorriko da. Hor, Euskal Herrian sortutako teknologia enpresen berri emango dute. Saioaren bukaeran, sarean topatutako bideo bitxientzako tartea izango da.

Hamaikako aurkezleak nabarmendu du «programa biziagoa» egiten saiatuko direla: «Platoa alde batera utzi eta protagonistak dauden lekuetara joango gara». Denboraldi berrian, 28 saio emango dituzte, gaurtik hasi eta abendura bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.