Komunikazioa. Irlen sarea

150

gorka julio
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Interneteko sare sozialak gure harremanak nola aldatzen ari diren ikusteko dago oraindik. Hala ere, gizakiok harremanak mantendu eta elkarrekintza etengabea izateko muga natural batzuk ditugu. Robin Dunbarrek muga hori 150 pertsonekiko etengabeko harremana mantentzeko aukeran jarri zuen. Harreman horiek mantentzeko egin beharreko lan aktiboa eta gure garunaren tamainak horrekin zerikusi zuzena zuela adierazi zuen. Tribuen pertsona kopurua zenbaki horretara iristean nukleo txikiagotan zatikatzeko joera zuten, erromatar ejertzitoaren borroka unitate garrantzitsuenetakoa zenturia zen, edo orain dela gutxi arte sakelako telefono txartelek onartzen zituzten 150 telefono mugak, zenbaki horren garrantzia erakusten dute.

Sare sozialek denbora inbertsio gutxiagorekin gure harremanak mantentzeko aukera eman digute. Mezu bat komunikatu nahi dugun guztiei komunikatzeko gaitasuna ematen digutelako batez ere. Telefonoarekin banan-banako eztabaidak posible ziren, posta elektronikoarekin jende askori bidali geniezaiokeen mezua, baina helbideak ezagutu behar genituen. Orain, sare sozialekin mezuak gure sare guztiari aldi berean (edo taldeka) bidaltzeko aukerarekin, espero ez ditugun harremanak eta informazioak, zabal eta eskura ditzakegu. Lotura arinagoak ere hobeto kudeatzen laguntzen diguten tresnak dira, alegia, eta horregatik informazioa komunikatu eta garraiatzeko oso interesgarriak.

Hala ere, pentsa genezakeenaren kontra, Dunbarren zenbakiak ere horietan eragina dauka.Ez sare horietan pertsona batzuek izan ditzaketen kontaktu kopuruari begiratuta;oso ohikoa baita 150 baino kontaktu gehiago dituzten pertsonak ezagutzea. Zenbaki horrek gauza handirik esaten ez badigu ere, ikerketa batek erakutsi du Facebook erabiltzaileen artean kontaktuen batez besteko kopurua 120 ingurukoa dela. Baina garrantzitsuagoa dena, nahiz eta pertsonak kontaktu askoz gehiago eduki, benetako hartu-emana duen pertsonen kopurua zenbaki horren ingurukoa da.

Argi dago, beraz, komunikatzeko forma berri horrek behintzat elkar ezagutzeko gaitasun handiagoa ematen digu, eta ez da gutxi. Interes, gogo, helburu, berdina duten beste pertsonak daudela ezagutzeak gure erabakiak baldintzatzen baititu, eta, noski, gureak ere besteenak baldintzatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.