Unce Upon a Time (Érase una vez) telesaila ipuin klasikoetako pertsonaiez beteta dago, eta fantasia eta drama uztartzen ditu. Baina ez dira haurrentzako ipuinak, helduentzakoak baizik. Amerikako Estatu Batuetan sekulako arrakasta lortu zuen bere aurreneko denboraldian, ABC katean. Lehen atalak 13 milioi ikus-entzuletik gora izan zituen. Ondotik, 10 milioi ikus-entzuleren bueltan ibili zen.
Antena3 kateak telesailaren eskubideak erosi ditu, eta, gaurtik aurrera, astearte gauean ikusi ahalko da (22:30). Halaber, Antena3en atarian webgune propioa izango du telesailak.
Telesailaren sortzaileak Edward Kitsis eta Adam Horowitz dira, Lost-en gurasoak. Tron: Legacy filmeko gidoilariak ere izan ziren. Proiektua aspaldi zuten buruan, 2004. urtetik. Baina Lost amaitu nahi zuten, fantasiazko mundu berri honetan buru-belarri murgildu aurretik.
Baso Sorginduan girotzen dira istorioak. Han bizi dira ipuin klasikoetako pertsonaiak; tartean, erregina gaiztoa. Aurreneko ataletako pertsonaia nagusia, berriz, Emma Swan da (Jennifer Morrison). Henry izeneko mutiko batek maitagarrien liburu handi bat erakutsiko dio, eta pertsonaia guztiak erbestean daudela azalduko. Emma Edurnezuri eta Printze Urdinaren alaba da, eta berak hautsi beharko du sorginaren madarikazioa.
Aktore taldean nabarmentzekoa da Robert Carlyleren parte hartzea, Rumplestiltskinen rolean. Jared Gilmore, Joshua Dallas eta Giancarlo Exposito dira beste aktoreetako batzuk.
Bigarren denboraldia uztailean hasi ziren grabatzen, eta hilaren 30ean estreinatuko duteAEBetan.
Komunikazioa
AEBetako 'Ërase una vez' telesail arrakastatsua, gaurtik, Antena3en
ABC katean 13 milioi ikus-entzule izan zituen estreinako egunean, eta denboraldiko ezustekoa izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu