'Aldaize' aldizkariaren jaialdia

Idiazabalgo aldizkaria 50. zenbakira iritsi da, eta, ospatzeko, emanaldi ugari antolatu dituzte gaurko herrian

Jaialdiaren harira, Sergio Manbrilasek grafiti bat egin du herrian. Z / BERRIA.
Erredakzioa
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Idiazabalgo Illati euskara elkarteak argitaratzen duen Aldaize aldizkariaren 50. zenbakia plazaratu dute ekainean. Zenbaki borobila ospatzeko, euskara elkarteko kideek jaialdi erraldoia antolatu dute gaur, Idiazabalen (Gipuzkoa). Helburua herriko artistek parte hartzea da. Hala, oholtza gainera ehun herritar igotzeko erronka hartu dute bere gain elkarteko kideek. Antzerkia, bertsoak, kantuak, dantza edo bakoitzari bururatzen zaiona egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Jaialdia 19:30ean hasiko da. Eskola inguruan taloak eta sardina erreak prestatuko dituzte. Sagardoa edateko aukera ere izango da. 21:30ean, Zelaako kiroldegian, ekitaldi nagusia hasiko da. Festa prestatzeko, beharrezkoa izan da herritarren parte hartzea. Baina elkarteko kideak pozik daude jasotako erantzunarekin, eta beste helburu bat jarri diote euren buruari: baietz 100. zenbakira iritsi.

Orain zortzi urte sortu zuten Illati euskara elkartea, eta, horrekin batera, Aldaize herri aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Illatik euskararen erabileran eragiteko asmoa du. Horrela, Aldaize aldizkariaren bidez euskaldun alfabetatu gabeei euskaraz irakurtzen lagundu nahi diete, eta erdaraz irakurtzen duten euskaldunei, berriz, euskarazko prentsa eskaini nahi diete. Herriko informazioa biltzen du idiazabaldarren bi hilean behingo argitalpenak.

'ALDAIZE' JAIALDIA

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Idiazabalen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.