Karrerako ikasgairen batean ikasi nuen kazetaritzako bost W-en kontzeptua. Horiek omen, albisteak dakartzan galderei erantzuteko gakoak: who, what, where, when eta why. Ezinbestean, nork edo nor, zer, non, noiz eta zergatik itaunak ase behar dira. Hala, irakaslearen begietara, kazetari sena izango duzu. Eta nota ona. Berriki, h-a gehitu dakiokela jakin dut: how. Garai hartan ez nituen halako esanak beren osotasunean sinesten. Handik denbora batera, zalantza egin nuen. Egun, astelehenaren ondotik, esaterako, karrera garaiko eszeptizismora narama nire barreneko deabrutxoak.
Dena ezin da azaldu. Beti ezingo dugu jakin, nor edo nork, zer, non, noiz, zergatik eta nola. Agian, telebistako albistegi batek ezin du ia ordubete iraun, egunero. Egunkariek 100 orrialde izan ezin dituzten bezala. Bost w-en eta h-aren bila joan behar horrek sortu du kazetaritzaren munduan dagoen egia absolutuetako bat, hau da, objektibitaterik ez dagoela. Eta, nago, sei gako horietatik azaldu eta frogatu daitezkeenak soilik emango eta indartuko bagenitu, objektibitatetik gertuago izango ginatekela guztiok. Gero, eman dezala norberak bere iritzia. Horretarako baitu.
Baina asteleheneko Gaur Egun eta Teleberri saioetan, bost w-ek eta h-ak ez zuten garrantzia bera. Batzuek alboratu egin zituzten, eta hizki berri batzuen bila abiatu. Albistea jakina zen: agiria. Bideoan, bi minutu pasatxoko iraupena zuen. Eta agiriaren zirimolari, batean zein bestean, 20 minutu inguru eskaini zizkioten arren, ez zuten adierazpena osorik eta bere horretan eman. Hiru zati hautatu, eta off-eko ahotsaren laguntzaz laburtu zuten albistea. Ondoren, adierazpenak, usteak, susmoak, hemerotekako aurkikuntzak, iritziak, futurologia eta -gia atzizkia duten beste hainbat harilkatu zituzten.
Jokaera horretara ohitu gaituzte. Egunerokoaren heziketa guztia jakin beharrera bideratuta dago. Zurrumurruak maite ditugu, denok. Eta, tamalez, garrantzitsuaren eta hutsalaren arteko desberdintasunaren muga galdu dugu. Biderkatu egiten da asteleheneko agiria bezalako albiste batean, politikaren eta norbere interesen arteko jokoan, hedabideen zurrunbiloan eta telebistaren itsasoan. Agerikoa ezkutatzeraino. Eta alderantziz. Zail da poztu ala tristetu erabakitzen. Poztuz gero, horri eusten bezainbeste.
Ekografiak
Agiria agerian (... eta III)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu