Aspaldiko partez entzun nuen taldearen abestia asteburuan. Leloak honela dio: «Hitzak hitzak dira, eta besterik ez». Asteari ekin eta lehen bi egunetan, zalantza egin dut: eta zer dira irudiak? Galderaren jatorria astelehen eta asteartean telebistan ikusitako albistegiei lotuta dago.
Astelehen eguerdia. ETBko Gaur Egun eta Teleberri albistegiak. «Gizon bat hil da Igorren auto batek eta kamioi batek talka egin ondoren», dio esatariak. Iruditan, kamioia eta autoa. Bigarrena, bereziki, txikituta ageri da. Ez behin, ez bitan, ez hirutan, hildakoa erakusten dute. Hurbileko zein urruneko planoetan ikus genezake. Estalita ageri da, batean, gorputz osoa; hurrena, haren hanka estali gabea eta autoaren zati bat daude pantailan, plano motzagoan; segidan, urrundik, plano orokorragoa, saiatuz gero gorpuaren atalen bat bistan duela ikusarazten duena.
Astearte goiza. La1 kateko goizaldeko albistegia. «ETAren beste komando bat harrapatu dute, hain zuzen, Eduardo Puellesen hilketarekin zerikusia izan dezakeena». Hainbat guardia zibil eta ertzain iruditan, Bilboko atari batean. Kaxak eta bidoiak furgonetan sartzen ari dira. Esatariak dioenez, Bilbon eta beste hainbat lekutan azken urteetan izandako zenbait ekintzaren arduradunak izan daitezke lau atxilotuak. «Baliteke» dio, eta hitzok laguntzeko, Eduardo Puelles hil zutenean hartutako irudiak, Burgosko polizia etxearen aurrealdea txikituta, Luis Conde hil zutenekoak...
«Hitzak hitzak dira, eta besterik ez». Baina albistegi batean zer dira irudiak? Hitzak manipulatzeko tresnarik eraginkorrenak izan litezke. Albiste batean, ordea, oker emandakoak direla erabakiz gero, zuzendu ere egin daitezke. Eta irudiak?
Inork pentsatu al du auto istripuan hildako gizonaren senide eta lagunak albistegia ikusten egon zitezkeela? Inork pentsatu al du telebistaren aurrean zeuden haurrengan? Inork pentsatu al du hildakoaren gorpua erakutsi gabe ere ulertu genuela zer gertatu zen Igorren? Eta ni al naiz atxiloketen berri ematerakoan erabilitako irudiei usain txarra hartu dien bakarra? Nik soilik uste al dut atxilotuak epaitu aurretik betiko zigortzeko modu bat dela? Hitzak, berez, hitzak dira, eta besterik ez. Hala behar lukete. Baita irudiek ere. Dena den, adibidez albistegi batean, guk nahi baino mezu ezkutu gehiago hedatzen dituzte. Egunero. Albistegiro.
Ekografiak
Besterik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu