Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Eta klitto!

2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Asko poztu nau Hamaika Telebistak umorea eta generoa ardatz dituen eztabaida mahai gainean jartzeak. Erabateko askatasun umoristikoa sentiarazi zidaten Idoia Torregarai eta Alaia Martinen adierazpenek asteazkeneko IDEMtitateak saioan. Hitzek utzitako erresonantzia indar bilakatu da, edo, behintzat, askeago jokatzeko bultzadaren forma hartu dute. Torregarairen eta Martinen abiapuntua bakoitzak izan dituen bizipenak bezain ezberdina izan arren, euren diskurtsoan biek egiten dute bat. Azpimarratu dute umoreak eraikitzailea izateko ahalmena duela. Eraikitzailea bada, deseraikitzailea ere izateko gaitasuna dauka, eta hori da, hain zuzen, emakumeoi eragiteko ukatu zaigun plaza eta ezinbestean aprobetxatu behar duguna. Espazioa denok maila berean partekatzeko ahalegina eginez. Nola? Torregaraik behin eta berriz errepikatu zigun formula, eta itzulbiraketa batekin performatu ere; askatasunez jokatuz. Ez soilik aske sentituz, baizik eta aske izanez. Nola? Bigarren pauso horren erantzuna Martinen esku: norbere burua onartuta eta umore pertsonalari fidel izanez.

Saio dinamikoa izan zen, erraz jarraitzekoa, baina ez horregatik arina. Hausnarketarako hainbat puntu azaleratu zituzten; Torregaraik kalean, lagunartean emakumeak umorea egiteko bizi dituen egoerez. Martinek oholtza gainean bizi izan dituen esperientzez, eta horiek nola transformatu duten eta dituen.

Ikusi beharrekoa da. Hasierako IDEMtitateak saioekin alderatuta, esango nuke errealizazio aldetik txukunagoa izan zela asteazkenekoa. Edukiari dagokionez, soilik sentsazio bat; hirugarren ahots baten falta sumatu nuen: gizonezkoena. Jakin nahiko nuke gizon umoregileek, edo umorea gertuki bizi dutenek, emakumeaz eta umoreaz esateko dutena. Umorea bizi duten emakumeak lagunartean, lanean, zein beste edozein esparrutan nola ikusten dituzten.

Azaldu zuen Idoia Torregaraik —barretartia.com— sare sozialak erronkan lagungarriak izan direla. Horrela bada, #IrriErrebolta martxan jartzeko une ezin aproposagoa da. Ahal dela, umore feministatik hasiko gara; berdintasuna eraikitzeko ezinbestekoa delako. Errotutako hizkuntza itzulbiratuz, gizarte eraldaketa ereinez, aldaketarako pauso txiki eta sendoak taxutuz. Goazen barre egitera, eta klitto!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.