Suposatuz hemengo irakurle gehienok feministak izateko saiakera kontzientea egiten duzuela —utopikoegia naiz?—, imajinatzen dut bakoitzak feminismoarekiko itzartze ezberdin bat izan duela. Nire kasuan, paradoxikoa dirudien arren, gizon baten liburu batek eraman ninduen horri buruzko lehenbiziko gogoeta egitera. Izenburu ponposoa zuen, gehienok oroituko duzue: Los hombres que no amaban a las mujeres, Stieg Larsson. Bai, sentitzen dut, baina ezin dut orain iragana aldatu: ez Beauvoirrek, ez Davisek, ez Woolfek, gizon batek erakutsi zidan lehen aldiz patriarkatua existitzen zela, eta horri aurre egin beharra zegoela.
Bide batez, nik hori lehen aldiz gizon baten hitzetan irakurri izana patriarkatuaren beste efektu kolpe bat izan zen.
Kontua da orduan entzun nuela lehen aldiz bazirela emakumeak maite ez zituzten gizonak, hasieran kontzeptu ulergaitza egin zitzaidan arren. Eta kontzeptu horren beste demostrazio bikain bat egin berri du Alauda Ruiz de Azua zuzendariak Querer telesailarekin. Los hombres que no amaban a las mujeres liburuak gudu zelai gisa hautatu zuen bortizkeria fisikoa ahaztu eta hain agerikoa ez den beste bortizkeria bat ageri da telesailean, ordea. Horrek egiten du, baina, Nina filmaren inguruan aipatu nuen bezala, baliotsuago. Lisbeth Salander bezalako emakume torturatu eta jipoituak, tamalez, hamaika direlako, baina Miren Torres —itzela, Nagore Aranburu— bezalako emazte eredugarri bezain anulatuak, ordea, milioika.
Pedro Casablanc aktoreak ederki antzeztutako senarrak bezala, ikusle askok ere hasieran mesfidati har dezakete protagonistak jartzen dion bortxaketa etengabeko salaketa hori. Telesailak berak ere lan handia hartu du egiara iristeko dauden geruza guztiak banan-banan kentzen, eta hasieran ikusten dugun Mirenek beste edozein emazte bezalakoa dirudi. Spoiler: ziurrenik beste edozein emazte bezalakoa da. Mirenek egindako salaketaren froga gehienak hitzetan soilik geldituko dira eta ikusleak ez ditu gauzatzen ikusiko, amaierako ospitaleko eszena horretan sufrikario horren guztiaren itzalen bat ikusten dugun arte. Eskerrak eszena horri; baina ez gauzatzeak ere interesgarri egingo luke errelatua.
Lau kapituluko harribitxia, Nik Sinesten Dizut aroari beste aletxo bat gehitu diona.