Posible al da aldi berean inork arrazoia izatea eta ez izatea? Arrazoia izateak lotura zuzena al du koherente izatearekin? Arrazoia izanda ere, koherentzia faltak justifika al dezake arrazoia ez ematea? Arrazoia ez izanda ere, izan ote daitezke egiazkoak inoren argudioak?
Logikaz, galderen ondoren erantzunek behar lukete. Nahi nituzke jakin. Ez dakizkit. Horrek ez ditu galderak erretoriko bihurtzen. Abiapuntu baizik. Zalantzek on egiten digute gogoetaren bideari ekiteko. Zalantzarik ezean, hausnarketarik ez.
Izan ere, nire galderak zenbaiten hausnarketak eraginda datoz. Publikoki egindako hausnarketa horiek salaketa eta eskari forma dute. Baina nago ez direla zalantzatik sortuak. Amorrua darie; mina, haserrea, ezinegona.
Ez dakit jakin duzuen EAJ alderdiak EITBko Administrazio Kontseiluko presidenteari kexa aurkeztu ziola asteazkenean. Kexaren oinarria, ETBk «aniztasun informatiboarekin duen konpromisoari» huts egiten diola. Sortu alderdi berriaren albistea ematean, objektibotasun eta aniztasun falta erakutsi omen zituen ETBk. Batetik, prentsaurrekoak eragindako adierazpenei albisteari berari baino garrantzi handiagoa emateagatik; bestetik, alderdi abertzaleen adierazpen bakarra ez emateagatik. Hitzez hitz: «ETBk ez die ahotsa ematen euskal gizartearen zati handiena ordezkatzen duten alderdiei». EAJ, Aralar, EA, Hamaikabat eta Alternatiba aipatzen ditu hurrenez hurren. Gainera, jarrera desegokia kate publikoaren ezaugarri bihurtu dela salatzen du.
Galdera berak datozkit burura beste behin. Eta adibideak mila. Nabarmenena, agian, ezker abertzaleko kideei EITBn adierazpenak egiteko ezarri zitzaien eta indarrean dirauen betoa. Eta beste mila. Horiei dagokienez, ez da adierazpen eta kexarik izan. Beraz, emandako arrazoietatik bigarrenak mintzen dituela ulertzen dut. Haien presentziarik ezak. Emandako argumentuaren gakoa mamia baldin bada, kasuan kasuko protagonistak anekdota hutsa dira. Beraz, azkenaldian halako salaketa ugariren berri izan behar genuke. Ez dugu izan. Hain zuzen, ziur asko, EAJren adierazpenek ziurtatuta daukatelako tarte bat ETBren albistegietan. Hori ere kate publikoaren ezaugarri bihurtu da. Ez azken urtean, ezpada hedabidearen gidaritzan haiek ziren garaitik. Orain eskatzen dute, ordea, norabide aldaketa. Ai isiltasuna...
Komunikazioa. Ekografiak
Arrazoia, koherentzia eta isiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu