KOMUNIKAZIOA

Astelehenean abiatuko da 'Goenkale' telesailaren denboraldi berria

Dekoratu eta pertsonaia berriekin hasiko da 17. denboraldia, «irudi modernoa eta hiritarra erakusteko»

Nagore Molinero
Bilbo
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Astelehenean itzuliko da Goenkale telesaila ETB1eko programaziora. Aurtengoa 17. denboraldia izango da, eta dekoratu eta pertsonaia berriak aurkeztuko dituzte. Hirira jauzia egitea eta teknologia berrien munduan murgiltzea izango dira beste gakoetako batzuk, atzo Bilbon azaldu zutenez.

«Gure programaziorako apustu seguru eta irabazlea da Goenkale», esan zuen Maite Iturbe Miramongo eta ETBko produkzio zuzendariak atzo, denboraldia aurkezteko Alondegian emandako prentsaurrekoan. Gaur egun telesailak ia 100.000 ikusle dituela azaldu zuen Iturbek. Goenkale-k urtez urte ikusleen fideltasuna mantentzen jakin duela uste du: «Telebistan hamazazpi urtez egotea sekulakoa da». Telesaila «klasiko» bihurtu dela azaldu zuen produkzio zuzendariak. Garai berrietara egokitzen jakitea aipatu zuen hori lortzeko gako moduan. «Produktu sendo eta modernoa da». Jokin Oregi gidoilariaren arabera, «gure barrena ukitzen duten oinarrizko sentipenak jorratzea da produktu bat klasiko bihurtzeko arrazoia».

Iazko denboraldian 3.000 atal bete zituen Pausokak ekoizten duen telesailak. Aurten 25 aktore inguru izango direla azaldu zuen Olatz Beobidek, telesailaren zuzendariak. «Ikus-entzuleei barrea eta negarra eragingo diete, hunkituko dituzte eta sufriaraziko diete». Goenkale-k arrakastari eusteko arrazoietako bat gidoilarien trebezia dela uste du Beobidek. Oregi gidoilariak azaldu zuenez, haien aurtengo helburua «egunerokotasunari indarra ematea da».«Garenari eta izan garenari eutsiko diogu», esan du zuzendariak.

Hamaika istorio

Astelehenean hasiko da, gaueko hamarretan, Goenkale-ren 17. denboraldia, eta horrekin batera,pertsonaien hamaika istorio. Alizia eta Germanen arteko ezkontzarekin hasiko da lehenengo atala. Kandido eta Leonor elkarrekin bizi direla ikusiko dute saioaren jarraitzaileek. Hala ere, ustekabeko albiste bat jasoko du Leonorrek, eta Kubara bueltatu beharko du denboraldi baterako. Kandidok, gainera, beste emakume interesgarri bat ezagutuko du. Horretaz gain, Abelek albiste garrantzitsu bat emango die madariagatarrei.

Bestalde, Kevinek Nedarekin maiteminduta jarraituko du. Halere, gero eta jende gehiagok jakingo du haren sekretua, eta horrek arriskuan jar lezake Tximistarekin duen adiskidetasuna. Lukasek eta Ikernek, berriz, elkarrengandik urrun egon beharko dute denboraldi batez, neska kanpora joango delako lanera. Momentu zailak izango dira Lukasentzat, mehatxu anonimoak ere jasoko baititu.

Lehenengo atalean bertan, aurreko denboraldiko azken atalean izandako leherketa izugarriaren ondorioak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek.

Pertsonaia berriak

Murrieta familia da berrikuntzetako bat. Peru aitak eta Iker eta Eider seme-alabek sekretu handi bat dute. Bestalde, Paula eta Uxue ama-alabek madariagatarrekin oso harreman estua izango dute. Julene batek, ordea, nahastu egingo du Kandido eta Leonorren arteko harremana. Gainera, madariagatarrekin zerikusia duen beste sekretu bat gordeko du.

Nekane polizia etxera bueltatuko da, eta Arralden desagertu den emakume baten kasua ikertuko du Ander ertzain berriarekin. Manexek umorea ekarriko du herrira. Ibonek kartzelan ezagutu zuen, eta Bogan azalduko zaio laguntza eske. Aurrerago ezagutuko ditugu Nikole eta Mikel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.