Azkoitiko 'Maxixatzen' berpiztu dute, paperean eta Interneten

Sei urteko etenaldia izan du aldizkariak.Bihar aurkezpen ekitaldia egingo dute, 19:00etan

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko lantaldea osatzen duten lagunak, Azkoitian. MAXIXATZEN.
urtzi urkizu
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hutsunea izan du Azkoitiak (Gipuzkoa) azkeneko sei urteetan. Baina Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak berpiztu egin du herriko komunikabidea. Martxotik kalean da Maxixatzen hilabetekaria —garai batean astekaria zen—. Uda bitartean Azkoitiko etxe guztietara iritsiko da, doan. Ondoren, soilik bazkideei banatuko diete —25 eurokoa izango da urteko bazkidetza kuota—. Agerkari digitala ere martxan jarri dute, Maxixatzen.eus helbidean. Euskarazko komunikabidearen aro berria aurkezteko, ekitaldi irekia egingo dute bihar Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan.

«Badakigu aldizkaria bera erreferentzia izan dela urte askoan herrian; Azkoitian, asko gogoratzen dira oraindik astekariaz», adierazi du Olaia Juaristi kazetariak —duela hemeretzi urte jaio zen komunikabidea—. «Horretaz aprobetxatu, eta aurrekoaren jarraipena izango da oraingoa. Izena mantenduko dugu, baina eduki berriak izango ditu».

Aldizkaria «biziberrituta» dator. Atalen artean, elkarrizketak, erreportajeak, iritzi artikuluak eta hilabeteko albisteak dituzte. Kejie eta desditxie atal berezia ere bai. Egunerokotasunari muzin egin gabe herritarren intereseko informazio «landuagoa» eta «jorratuagoa» eskainiko dutela diote elkarteko kideek. «Independentea, autonomoa, zabala eta herrikoia izango da. Iritziduna eta iritzi sortzailea».

Agerkari digitala herriko albisteekin eguneratuko dute. «Horrez gain, herritarrek eta eragileek parte hartuko dute, Komunitatea atalaren bidez», azaldu du Juaristik. «Komunitate aktibo bat izatea da helburua; horrek asko aberastuko luke webgunea». 70 kolaboratzaile inguru ditu Maxixatzen elkarteak. «Sare hori goxatzea da gure asmoa. Horrek ematen baitio indarra eta bizia gure webguneari». Kazetariak aitortu du askoz aberatsagoa izango litzatekeela kolaboratzaile gehiago animatzen badira parte hartzera.

Elkarteak, ia 500 bazkide

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari gutxi falta zaio 500 bazkideren kopurura iristeko. «Lehendik zeudenak dira gehienak, eta orain, komunikabidearen proiektu berriarekin, asko ari dira animatzen bazkide egitera», azaldu du aldizkariko kazetariak.

Elkartean argi dute tokiko komunikabideak estrategikoak direla eta funtzio garrantzitsua dutela euskararen normalizazio prozesuan. «Hedabideetan presentziarik ez duen hizkuntza bazter hizkuntza izatera kondenatuta dago», diote elkarteko kideek.

Herri komunikabidean egindako aldaketekin azkoitiarrengana hobeto iritsiko direla uste dute. «Lehen baino indar gehiagorekin sartu gara; herriko erreferentziazko komunikabidea izatea da helburua».

Interneteko sare sozialetan ere oso aktibo dabiltza Maxixatzen-eko kideak eta kolaboratzaileak. Webeko albiste guztiak Facebooken eta Twitterren (@Maxixatzen) jartzen dituzte. «Hor ere, herritarrengana iristeko ahalegin berezia ari gara egiten, orrialdearekin bat egiteko gonbidatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.