Kostaldeko Trena saioaren lekua hartu du aste honetan Euskadi Irratian Musikatea irratsaioak (14:30etik 16:00etara). Programa berri horren gidaria Fermin Etxegoien da, irratigintzan eskarmentu handia duen gizona.
«Saioaren izenak hitz jokorako aukera ematen du. Musikaren atea da, eta kate hitzarekin ere jokatzen du. Entzuleria kateatu nahi duen programa da», azaldu du Etxegoienek. «Ahalik eta muga gutxien jarri nahi ditut, estilistikoki zein hizkuntza aldetik. Gertatzen dena da badaudela korronte nagusi batzuk, eta denak horren eraginpean gaude, dela musika komertzialean, dela underground musikan».
Gazteako gauetatik dator Etxegoien, eta horrek badu bere eragina. «Gauean egin daiteke lunatikoa den zerbait. Baina bazkalostean bestelakoa da unea, siesta garaikoa esan dezagun».
Programa ez da aldez aurretik erabat gidoi itxiarekin egongo. «Niri gustatzen zait saioa egiten ari naizen bitartean %100ean ez jakitea zer gertatuko den. Saioari erliebea ematen saiatzen naiz, testura eta kontraste ezberdinak egon daitezela».
Gazteako Ekaitz perfektua saioak igande gauetan jarraituko du, disko kuttunekin.
'Kostaldeko trena', Interneten
Martin Tejeriak hainbat urtez aurkeztu duen Kostaldeko trena saioaren aukeraketa bat Euskadi Irratiaren webgunean entzun ahalko da datorren astetik aurrera, irratiaren 30. urteurreneko edukien barne.
Komunikazioa
Bazkalosteetan 'Musikatea' Fermin Etxegoienen saio berria, Euskadi Irratian
Saio berriaz gain, Etxegoienek Gaztean 'Ekaitz perfektua'-rekin jarraituko du igande gauetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu