Streaming bitartez filmak eta telesailak zabaltzen ditu Netflix plataformak, baita bereizmen handian ere. Baina, orain, 4K edo bereizmen ultra handia nahi du bere produktu berrietarako. Gauzak horrela, 2015. urtean hastea espero dute, eta plataformak sortu duen House of Cards telesaila —Kevin Spacey aktoreak egiten du protagonistarena— teknologia hori duten kamerekin grabatu dutela jakinarazi dute. Lehen sasoia estreinatu zuten otsailean, eta bigarrena grabatzen ari dira. Hala ere, ez da egongo edonoren eskuragarri. Izan ere, irudian kalitate hori duten telebistetan soilik ikusi ahal izango dira Netflixek eskainiko dituen film eta telesailak.
«4K teknologia streaming bidez filmak ikusteko metodorik egokiena izango da aurrerantzean», adierazi zuen Netflixeko produktuen zuzendari Neil Huntek, The Verge gunean egindako elkarrizketa batean. Huntek,gainera, plataformak emango duen aurrerapausoa nabarmendu nahi izan zuen: «Gu izango gara lehenak streaming bidez horrelako formatu batean produktu bat zabaltzen. House of Cards telesaila formatu horrekin grabatzeari esker lortuko dugu hori». HD eta Full HD teknologien gainetik dago 4K edo Ultra HD izenekoa —8 milioi pixeletik gorako erresoluzioa du—, baina egun duen erronka nagusia material falta da. Garaiotarako aurreratuegia izan daitekeen teknologia da, horrelako erresoluzioarekin apenas baitagoen film edo telesailik. 3D-arekin, adibidez, antzeko zerbait gertatu zen orain urte batzuk. Oso teknologia berritzailea zen, baina lehenengo urteetan merkatuan ez zuen arrakastarik izan, produktu faltagatik. Sonyk, dena den, esan zuen 2004. urtetik Ultra HDn grabaturiko 60 film dituela eta joan den hilabetean Netflixi bidali zizkiola. Plataformak, baina, streaming-eko abiaduran esfortzu handia egin beharko du, gaur egun 20 Mbps-koa erabiltzen baitu. 4K teknologiak, berriz, 60-80 Mbps arteko abiadura eskatzen du. «Deskodeketan lan handia egin beharko dugu, baina bina telesail eta film ekoiztu nahi ditugu. Erresoluzio altuko edukietan funtsezko iturria izan nahi dugu», esan du Huntek.
Albistea, ordea, ez da ezusteko handia izan askorentzat. Izan ere, David Fincher film zuzendariak House of Cards telesaileko lehen bi kapituluak zuzendu zituen, eta hura izan da 4K teknologian grabatzea bultzatu duen zuzendarietako bat. Adibidez, The Social Network (2010) —Ultra HD formatua erabili zuen lehen filma— eta The Girl with The Dragon Tattoo (2012) filmak formatu horretan grabatu zituen, eta aurrerantzean teknika hori erabiltzeko intentzioa duela ere argi utzi du.
Urtetik urtera zabalduz doa
Netflix 1997. urtean sortu zen, Kalifornian (AEB), bideoklub baten antzera, DVDak postaz bidaltzen bezeroei. Hala ere, benetako arrakasta streaming bidezko emanaldiekin lortu zuen, eta 2011n, Netflix 25 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen. Guztira 100.000 produktu inguru dituzte eskuragarriAEBetan, eta 2011n Erresuma Batuan eta Irlandan izena emateko aukera jarri zuten martxan. Europako iparraldera ere hedatu zen iaz, Danimarka, Norvegia, Suedia eta Finlandiara, hain zuzen ere. Orain hilabetean zazpi euro inguru ordaintzen dute erabiltzaileek, nahi dituzten produktuak ikusi ahal izateko.
Komunikazioa
Bereizmen ultra handiko telesailak eskaintzen lehena izango da Netflix
'House of Cards' sailarekin hasiko dira teknologia berria 'streaming' bidez eskaintzen, 2015ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu