Komunikazioa

'Berria.info'-k 35.325 bisita izan zituen ostegunean, bere datu onenetan bigarrena

Berria telebistak zuzeneko saio bat egin zuen ostegun iluntzean eta beste bat atzo eguerdian

Miren Legorburu (Ezker abertzalea), Eskisabel eta Lohitzune Txarola (EA). URTZI URKIZU / BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ostegunean milaka lagun sartu zirenwww.berria.info webgunean, ETAk egindako adierazpena ikusi eta ondotik iritsitako erreakzioen berri izateko. Halaber, internauta ugarik ikusi zuten Idurre Eskisabel kazetariak Berria telebistan aurkeztu zuen zuzeneko saioa. BERRIAko erredakzioan bertan egin zuten programa; ETAk adierazpena egin eta 20 minutura hasi zen. Lehen balorazioa Martxelo Otamendik eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egin zuten. Ondoren, Imanol Murua Uria eta Pello Urzelai kazetarien hitzak iritsi ziren. Iñaki Petxarromanekin eta Estitxu Elduaienekin ere hitz egin zuen Idurre Eskisabelek. Juan Luis Zabala, berriz, literatura eta gatazkaren inguruan mintzatu zen. Zuzeneko saioak 1.700 bisita izan zituen.

Berria.info-k egun osoan, aldiz, 35. 325 bisita izan zituen. Hori da webguneak inoiz izan duen datu onenetan bigarrena. Errekorra maiatzaren 23an lortu zuen, Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeen hurrengo egunean. 38.000 bisitatik gora izan zituen egun horretan BERRIAko webguneak.

Atzo ere Berria telebistak zuzeneko saioa egin zuen, 12:30etik 14:00etara. Idurre Eskisabelek aurkeztutako programan hainbat ordezkari politikok hitz egin zuten. Hasteko, Aralarreko Ainhoa Beolak eta EAJko Xabier Ezeizabarrenak hitz egin zuten ETAren adierazpenak dakarrenaren inguruan. Ondoren, EAko Lohitzune Txarola eta ezker abertzaleko Miren Legorbururi egin zizkien galderak aurkezleak. Beste ikuspegi bat eman zuen Imanol Esnaola Gaindegiako idazkari nagusiak. Ainhoa Oiartzabal kazetaria ETAren historiaz mintzatu zen, duela hilabete batzuk Begoña Urrozen heriotzaz egin zuen erreportaje baten harira. Urroz ez zuela ETAk hil azaltzen du Igandea gehigarrian argitaratu zen erreportajeak. Amaitzeko, Pello Urzelai BERRIAko Politika saileko arduraduna mintzatu zen. Zuzeneko saioak 700 lagunek ikusi zuten, baina datu hori handitu egin zen egun osoan. Izan ere, atzoko programa osorik www.berria.info-n ikus daiteke.

Berria.info-k ostegunean ETAren adierazpenaren inguruko webgune berezia jarri zuen martxan. ETAko hiru kidek ostegunean egindako adierazpenaren bideoa ikusgai dago. Baita ETAren kronologia egiten duen 17 minutuko bideo bat ere. Bideo horretan 1959. urtetik gaur arte ETAren ibilbidea eta gertakari garrantzitsuenak jasotzen dira. Ainhoa Oiartzabalek idatzitako Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajea irakur daiteke webgunean. Martxelo Otamendi, Pello Urzelai eta Imanol Murua Uriaren analisiak, argazki bilduma, ETAren azken agiriak eta azkeneko bi egunetan politikariek egindako erreakzioak jaso dituzte webgunean.

Halaber, www.berria.info-ren Berria telebistan ezker abertzaleak atzo Donostian eman zuen prentsaurrekoa ikus daiteke. Rufi Etxeberriak irakurri zuen adierazpena.

Mezuak 'Berriketan.info'-n

Joan den astelehenean Aieteko Jauregian egin zen Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Eta egun horretan Berriketan.info sare sozialean konferentziaren gaineko gaia sortu zuten. Osteguneko ETAren adierazpenaren ondoren, berriz, Konponbideari begira izenburua hartu du gaiak. Kazetariak mezu ugari idazten ari dira gaiari helduta, eta edozein herritarrek aukera zabalik du Berriketan.info-n erregistratu eta bere ekarpena egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.