ETBk udarako dituen berrikuntzak aurkezteko ekitaldian, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak honako hau adierazi zuen atzo Donostian: «Oso garrantzitsua da jakitea zertarako jaio ginen duela 30 urte. ETB jaio zen euskal kultura bultzatzeko, elkarbizitzaren balioak azpimarratzeko eta euskal errealitatea erakusteko». Pello Sarasola ETBko eduki zuzendariak adierazi zuen «txukun» amaitu dutela denboraldia, «goranzko joerarekin». Honatx datozen egun eta asteetarako prestatutako saioak:
'Mihiluze', 1.000. saioa
Emanaldi berezia egingo dute gaur, 1.000. saiora iritsi direla ospatzeko (21:45). Lehian honako bikote hauek ariko dira: Mikel Goñi-Julian Iantzi, Urko Aristi-Sara Gandara eta Nagore Aranburu-Mikel Pagadizabal. Bestalde, aste honetako lehiakide onenen ligan Eneko eta Onditz Alberdi izan dira garaileak.
'Bizirik'
Hilaren 17tik aurrera Euskal Herriko herri txikietako bizimodua erakutsiko du Urko Aristik ETB1en. «Aurrekontu txikiena izango dugu, baina ez gara kexuka hasiko», azaldu du aurkezleak. «Herrietako bizilagunen sukalderaino sartuko gara, eta herri txikien handitasuna erakutsiko digute». Gastronomiak eta historiak bere lekua izango dute, igandero bi herri txiki erakutsiz. Elantxobe eta Aranora joango dira aurreneko atalean.
'Yes We Jai!'
Euskaraz primeran egiten duten hiru atzerritar gazte, Euskal Herriko lagun batekin batera, karabana batean jaiez jai ibiliko dira ETB1eko saio berrian. Gauero 21:00 aldera emango dute. «Gure ohiturak ezagutuko dituzte; jaietan sartu, eta egunaren amaieran botoak emango dituzte», aurreratu du Xabier Zabaleta formatuaren sortzaileak. Hala, uda amaieran Euskal Herriko jai onena zein den izendatuko dute.
Emanaldi bereziak
Udan ETB1ek honako emanaldi berezi hauek eskainiko ditu: Donostia eta Bilboko suak, Portugaleteko Munduko Dantzak, Donostiako Txistulari Kontzertu Nagusia, Errekortari Txapelketa, Lekeitioko Antzara Eguna, Txirri Mirri eta Txiribitonek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eskainitako 40 urteko algara ikuskizuna, Amaiurren egingo den Nafarroako Konkistaren 500. urtemugako ekitaldia eta Kupela taldearen disko berriaren aurkezpena. Gasteizko eta Donostiako jazzaldietako kontzertuak ere grabatuko dituzte.
'Conquistour'
Bihartik aurrera, El conquistador del fin del mundo-ko lehiakide ohiak herriz herri ibiliko dira, toki bakoitzeko kuadrillen aurka probak jokatzen. «Bederatzi herritan ibiliko gara, eta azken finalean irabazten duenak datorren denboraldian El conquistador-en parte hartzeko txartela lortuko du», aurreratu du Julian Iantzik.
'Cien X Cien'
Astelehenetik aurrera, lehiaketa berri bat aurkeztuko du Carlos Soberak ETB2n. Saio bakoitzean zortzi lagun izango dira lehian, eta euskal herritarren izateko moduarekin zerikusia duten galderak erantzun beharko dituzte. «Nolakoak garen deskubrituko dugu, eta topikoak hankaz gora jarriko ditugu. Lehiaketak kutsu freskoa izango du, umorea erabiliz», iragarri du Soberak.
'Tu plato favorito'
Estreinu egunik ez badu ere, ostiral gauetan aurkeztuko du Africa Baetak Tu plato favorito. Astero, hiru pertsonak parte hartuko dute, eta bakoitzak bere plater kuttunenaren alde egingo du, sukaldari baten laguntzarekin. Zazpi saio grabatuko dituzte, eta bakoitzean ikusleek gehien gustatu zaien platera aukeratuko dute. Finala platoan egingo dute.
ETB3
One piece pirataren abenturak ostiral, larunbat eta igandetan ikusi ahalko dira. Haurren programazio eskaintza sendotuko dute. Eta gauetan musika jaialdietako kontzertuak emango dituzte.
Komunikazioa
'Bizirik' eta 'Yes We Jai!' programak estreinatuko ditu aurki ETB1ek
ETB2 katean 'Conquistour' hasiko da bihar, 'Cien X Cien' etzi eta aste gutxi barru 'Tu plato favorito'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu