Komunikazioa

Blogetako lana ordaindu behar al da?

'The Huffington Post'-ek etekin handiak ditu blogariei esker. Espainiako bertsioa helduko da ekainean, eta iragarri dute blogariek ez dutela sosik jasoko, AEBetan eta Frantzian bezala.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Blogari bila gabiltza. Baina guk ez dugu bloga lan baten moduan ulertzen. Gure proiektuan parte hartzen duten blogariei ez diegu ordainduko». Montserrat Dominguez kazetariaren hitzak, The Huffington Post-en Espainiako bertsioaren zuzendariarenak —ekainaren 7an aterako da argitara—. AEBetan arrakasta handia lortu duen ataria da The Huffington Post: hilero, 22 milioi bisitaritik gora ditu. 2005. urtean sortu zenetik, blogari ugari biltzen ditu, ordaintzen ez dieten arren.

Blog batean idazteagatik ordaindu beharko litzatekeen ala ez, lana den ala ez. Horra sarean azkenaldian sortu den eztabaidetako bat. Granadan (Espainia) antolatutako jardunaldi batzuetan egin zituen Dominguezek adierazpenak, eta Javier Barrera kazetari donostiarra zen antolatzailea: «Huff Post-ek esaten dizu zuk nahi baduzu eta haien gustukoa bazara argitaratuko dituztela zure idatziak. Modu horretan, trafikoa irabazi, eta nabarmendu egiten zara. Gaika blogari onak lortu nahi dituzte, baina ez dute asmorik zuk doan lan egiteko». Kontua da The Huffington Post Espainian indarrez sartuko dela Prisa komunikazio taldearekin. «Eta beste plataforma batzuen negozioa uki dezake. Haietako batzuetan blogariei ordaindu egiten zaie». Barrerak aitortu du prest dagoela mezuren bat idazteko Dominguezen atari berrirako.

Mikel Iturria blogariak egungo testuinguruan kokatzen du eztabaida: «Beldur naiz Huffinton Post ez ote den prekarietate garai hauei etekina atera nahi dien beste komunikabide bat. Oso hedatuta dago gutxi pagatzea. Edo batere ez». Eneko Bidegain HUHEZIko irakaslearen ustetan, gune horrek blogariak nahi baditu eta dauzkan blogariei esker bisita asko eta diru asko lortzen badu, zuzenena litzateke diru horren banaketa bat egitea arrakasta lortzeko ezinbestekoak dituen blogarien artean: «Blogari batentzat aukera handia dela gune horretan egotea eta horrek ate berriak irekitzeko aukera ematen diola? Bai, egia, baina aktibitate horri esker dirua mugitzen bada, blogariengana ere zerbait heltzea normala iruditzen zait». Argia.com-en zinema fantastikoari buruzko blog bat zabaldu berri du Santi Leone irakasle eta BERRIAko zutabegileak. Haren iritziz, nahiko larria da blogariak eskatzea eta esatea ez dietela ordainduko: «Eta ez genuke bertze inon horrelakorik onartuko. Blog bat ez dela lana? Segun, blog on bat idazteko informazioa bilatu behar baduzu, gogoetak egin... hor kontua ez da bakarrik post-a idaztea. Iraingarria da erratea bloga ez dela lana».

Noiz kobratu eta noiz ez

Bidegainek ez du oso argi blogari izatea ofizio bat den ala ez: «Baina batzuek blogari profesionalak—lanketa handia, seriotasuna eta kalitatea eskaintzen dutenak— izan nahi badute, hori lan bat da berez, eta idazle edo musikari profesional bati ordaintzen zaion bezala, blogariari ere ordaindu beharko litzaioke». Leoneri iruditzen zaio hedabide batean parte hartzen duen blogariak, oro har, kobratu egin beharko lukeela: «Nik ez dut diferentzia handirik ikusten egunkari batean idaztearen eta blog batean post-ak jartzearen artean. Biak lana dira; bietan lan eginez, idazle, kazetari edo dena delako batek bere soldata osatzen ahal du». Barrera prezioak jartzera ausartu da: «Post landu eta interesgarri bat, bere retuitekin eta Facebookeko iruzkinekin, lan jardunaldi baten erdian egin baduzu, zer gutxiago 50 eta 100 euro artean ordaintzen badizute». Iturriak, berriz, oso argi du ez duela blogari profesionala izan nahi. «Bloga nire esparru propio eta subiranoa da, eta nahi dudanean idazten dut bertan. Enkarguzko lanekin lotuko nuke nik kobratzea».

Sare sozialak eta blogak

Montserrat Dominguezek blogariei esan zienean ez zietela ordainduko, kritika dezente agertu ziren Twitterren. Eta beste batzuek kritikatu zuten Twitterren mezu horiek ere kobratu gabe ari zirelaidazten. «Twitterren idazten duzu Twitter zuretzat doakoa delako», dio Barrerak. «Baina kazetari izanez gero eta zure lana Twitterren, Facebooken eta blogarekin ondo konbinatzen baduzu, azkenean etekin bat aterako duzu. Izan daiteke ekonomikoa edo kazetari gisa haziko zara». Leonek, Iturriak eta Bidegainek ez dute kontraesanik ikusten Twitterren kritika egiteari. Mauro Entrialgo biñetistak esaten duen bezala: «Bloga zure etxea da, eta sare sozialak, tabernak».

Blog batean idaztetik dirua ateratzeko kontua, bestalde, ezberdina da hizkuntza batean ala bestean. «Ingelesez izan liteke. Euskaraz zaila ikusten dut. Ez dut uste diru aski mugitzen denik kazetari bat blogetatik bizitzeko», azaldu du Bidegainek. Iturriak ere aitortzen du «zaila» dagoela hori lortzea. «Baina ausart jokatu behar da. Eta bide berriak jorratu beharko dira: kazetaria bazara, zergatik ez jarri zure blogean irakurleek zure jarduna diruz laguntzeko bideak?». Saiatzea litzateke kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.