Komunikazioa

Bukatu dira 'Público'-ren orriak

Atzo argitaratu zuten azkeneko aldiz paperezko edizioa; edizio digitalak jarraitu egingo du, oraingoz

urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Publizitate krisiak, prentsa idatzia izaten ari den eraldaketa sakonak eta finantzaketa lortzeko zailtasunek ixtera behartu dute Público egunkaria. Atzo argitaratu zuten azkeneko aldiz paperezko edizioa. Interneten, aldiz, jarraipena izango du proiektuak. Publico.es webguneak 5,5 milioi bisitari ditu, eta Espainiako informazio orokorreko laugarren tokian dago, OJDren datuen arabera. Dena dela, Mediapubli enpresak adierazi du aztertu egin behar duela edizio digitalaren bideragarritasuna; hamabi lagunek egiten dute lan webgunean. Egunkariak 80 milioi euroren galerak ditu, eta beste 20 milioi euroko zorra pilatua du.

Mediapublik jarraitu egingo du La Voz de Asturias egunkaria paperean argitaratzen. Asturiasko egunkari horren gastuak txikiagoak dira eta arazo ekonomiko gutxiago ditu. Inbertitzaile berriak lortzeko epea zabaldu dute, gainera.

Urtarrilaren 3an Mediapublik hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen Bartzelonan. Konkurtsoko administratzaileak izendatu ostean, epe bat finkatu zuten Mediapublik inbertitzaileak lortzeko. Bederatzi milioi euro lor- tu behar zituzten gutxienez, proiektuaren etorkizuneko bideragarritasuna ziurtatzeko. Baina epea bete da eta inbertitzaileak ez dira iritsi. Eta egunkariak paperean argitaratzeari utzi behar izan dio. Mediapublik publikoki eskertu ditu azkeneko asteetan jaso dituzten atxikimendu guztiak.

Langileen adierazpena

Publico.es webgunean jarri duten komunikatu batean, egunkariko langileek adierazi dute sentitzen dutela paperezko edizioa itxi izana: «Pentsamendu eta informazio pluraltasunarentzat ezinbesteko ahots kritiko baten galera dakar». Enpresak azaldu du edizio digitalak jarraitu egingo duela, baina zehaztu gabe zer baldintzatan egongo diren langileak, zenbat denbora eta zer asmorekin. «Hartzekodunen konkurtsoaren berri eman zutenetik, langileok arduraz proiektuari eustearen alde egin dugu, nahiz eta ziurtasunik ez zegoen jarraituko zuen edo ez. Bitarte horretan, zor zaigun dirua albo batera utzita, langileok egunkariaren kalitateari eta irakurleekiko konpromisoari eutsi diegu». Langileek diote irakur- leekin «ikuspuntu ideologiko» bat partekatzen dutela, «krisiaren eraginak eta gizarte bide- gabekeriak zorroztasunez eta profesionaltasunez salatu nahi dituena». Langileek eta kolaboratzaileek garaiak merezi zuen bezala erantzun dutenez, espero dute orain Mediapubli «oinarri aurrerakoiei» fidela izatea eta langileei ahal den baldintzarik egokienak eskaintzea haiek kaleratzean.

2007ko irailean, Público egunkaria martxan jarri zenean, 120 kazetari eta hamar berriemaile zeuden erredakzioan lanean. Iazko irailean erregulazio espediente bat aurkeztu zuten, eta 30 langile egunkaritik kanpo gelditu ziren. Kazetariek, halaber, soldata jaitsiera bat onartu behar izan zuten. Gaur egun 45 kazetari daude erredakzioan lanean. Egunkariaren enpresa osoan, berriz, 160 langile daude.

Erreakzioak sare sozialetan

Hainbat kazetarik eta politikarik elkartasun mezuak bidali zizkieten atzo Twitterren Público-ko langileei. Patxi Lopez lehendakariak, adibidez, bi tuit idatzi zituen. Batean, «besarkada solidario bat» bidali zien langileei. Eta, bestean, honako hau jarri zuen: «Ahots baten galera beti da albiste txar bat; are gehiago orain, ahots fresko eta alternatiboen beharra dugunean». Espainiako Kultura ministro Jose Ignacio Wertek «zorte onena» opatu die langileei. Ignacio Escolar egunkariaren sortzaile eta egun zutabegilea zenak adierazi zuen orain ez dakiela zer egingo duen, «Público-ko kazetari guztiek bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.