Komunikazioa

Canal4 kateak atzo amaitu zituen emanaldiak, 18 urteren ostean

Nafarroako Gobernuak dio Canal4ren lekuan ETBk emititzeko «legediarekin uztartu» behar dela hori

urtzi urkizu
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Canal4 In memoriam izeneko saio bereziarekin amaitu zituen atzo emankizunak Nafarroako Canal4 kateak. Duela aste batzuk, Prisa taldeak telebista hori ixtea erabaki zuen, arrazoi ekonomikoengatik. Hala, Canal4n aritzen ziren 19 langileak kalera joango dira.

Gerora ezagun bihurtu diren hainbat aurkezle pasatu dira urteotan Canal4tik: Emma Garcia, Africa Baeta, Julian Iantzi, Maria Avizanda, Lidia Balentziaga, Iñaki del Moral eta Maite Esparza.

Nafarroako Gobernuak telebistei emandako diru laguntza sistema aldatzeak ekarri du Canal4 ixteko azken erabakia. Azkeneko urteetan foru gobernuak milioi bat euro eman die urtero Canal4, Canal6 eta Popular TVri. Orain, berriz, edukien gaineko lehiaketa bitartez emango dute dirua. Diru laguntzak hiru milioi eurotik bira pasatu dira.

Canal4 desagertuta, Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntzak Canal6, eta Popular Television kateek eramango dituzte. Aurrenekoak 1,66 milioi euro eramango ditu honako atal hauetan banatuta: milioi bat euro, albistegi blokearentzat; 500.000 euro, kultur eta kirol saio eta magazinentzat; eta 160.000 euro, haur eta gazteentzako programentzat. Laugarren atal bat proposamen librekoa da, asteroko hiru saio egitera behartzen dituena, haietako bat euskaraz. Atal horren laguntza Popular Television kateak eramango du: 340.000 euro.

ETB Canal4ren tokian?

Astelehenean Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak iradoki zuen Canal4 itxita lizentzien berreskuratze prozesu bat egon daitekeela, eta, ondorioz, ETB LTD bidez hartzea ekar dezakeela. Aukera horren inguruan, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek adierazi du horrek «prozeduren legediarekin eta segurtasun juridikoekin uztartu» behar duela. «Canal4ren lizentziak kate komertzialentzat dira eta ez telebista publikoentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.