Madrilen egoitza duten telebista kate nagusiak euren ekoizpen berriak ari dira aurkezten aste honetan Gasteizko III. FesTVal irrati eta telebista jaialdian. Aktore, gidoilari eta ekoizle ugari gerturatu dira Arabako hiriburura. Denboraldiak Espainiako fikzioan emango duenaren aurrerapen gisa har daiteke jaialdia.
TVEk 14 de abril. La República telesailaren bigarren denboraldia aurkeztu du, aktore berriekin. Halaber, datozen hilabeteetan emitituko dituzten hainbat telefilmen izenak aurreratu dituzte: Tres días de abril, El ángel de Budapest, Volveremos, La Memoria del agua eta La Conspiración. Azken hori ETBrekin batera ekoitzi dute; Elias Kerejeta da ekoizlea, eta Pedro Olea, zuzendaria. 2012. urteko urtarrilerako, berriz, Isabel telesail historikoa ari da prestatzen telebista publikoa.
Antena3 taldeak El corazón del océano sei ataletako telesaila aurkeztu zuen atzo. Mestizajea txikitzeko asmoz, XVI. mendean Amerikara bidali zituzten 80 neskame ezkongaberen bidaia kontatzen du lan horrek. Ingrid Rubio eta Hugo Silva dira aktore protagonistak, Clara Lago eta Alvaro Cervantesekin batera. Ane Gabarain euskal aktoreak ere parte hartzen du telesailean. Abentura, komedia, drama eta akzioa uztartuko dituzte Elvira Menendezen eleberrian oinarritutako ekoizpenean. Antena3eko beste ekoizpen berri bat Gran Hotel telesaila da, XX. mendearen hasieran girotua. Aktore protagonistak Amaia Salamanca eta Jon Gonzalez dira.
Tele5k Gasteizen bi telesail berri aurkeztuko ditu: Cheers eta Homicidios. Aurrenekoa AEBetako 80ko hamarkadako telesail ezagunaren remake-a da. Taberna berrituan agertuko dira, besteak beste, Alberto San Juan, Antonio Resines, Alexandra Jimenez eta Pepon Nieto. Homicidios polizien inguruko telesail bat da, eta bere aktore protagonista Eduardo Noriega da.
Fox kateak gaur estreinatuko duen The Killing telesaila ere aurkeztu dute Gasteizen.
EikenBANKeko irabazleak
Gasteizko telebista jaialdiaren egitarauaren barnean, gaur Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren Fresh EikenBANK programako lehen hiru lehiaketetako proiektu irabazleak aurkeztuko dituzte: Pintxos —2008ko irabazlea, 3Komak ekoitzia eta ETBk jada emititua—, Master Free —2009ko irabazlea eta K2000 etxeak ekoitzia— eta 20Ti —2010eko irabazlea eta Baleukok ekoitzia—. Azken edizioko irabazlea Pausokaren Gelditu Parada proiektua da, eta ekoizpen prozesuari ekin berri dio.
EikenBANK programak, gazte ez profesionalen artean sormena bultzatu eta sormen hori ikus-entzunezkoen industriarekin harremanetan jartzeko helburua du. Aurten Fresh EikenBANK ekimenean hiru sari eman eta aipamen bereziak egin dituzte. Halaber, hiru beka eman dituzte.
Autopromoziorako web bat
Gasteizko jaialdian aurkeztu dituzten proiektuen artean Lagentedelatele.com webgunea da berezienetakoa. Ignacio Manchak sortutako proiektu horretan telebistan lan egiten duen edo lan egin nahi duen edonork parte har dezake. «Ez da webgune huts bat, baizik eta aplikazio bat, erabiltzaileek euren burua promozionatu eta ideiak konpartitu ditzaten. Webgunean gidoilariek, aktoreek, aurkezleek eta ekoizleek perfila sortu eta euren bideoak eta argazkiak jarri ahalko dituzte.
Bihar arratsaldean EITBren programazio berria eta Eitb.com webgune berritua aurkeztuko dituzte Guridi zinema aretoetan.
Larunbatean, azken egunean, sari banaketa izango da. Joan Ramon Mainat sariak jasoko dituzte Matias Pratsek, Luis del Olmok eta Ana Rosa Quintanak. Aritz Rodriguez euskal kazetariak, berriz, EITB Trending Saria jasoko du, Transistoria.com webguneari esker.
Bestalde, Kapuko aldizkari digitalak Gasteizko telebista jaialdiaren berri emango du egunotan. www.kapukoaldizkaria.tk webgune berrituan jaialdiko argazkiak jarriko dituzte, eta ikus-entzunezko erreportajeak eta elkarrizketak egingo dituzte.
Komunikazioa
Denboraldiaren aurrerapena Gasteizko FesTVal telebista jaialdian
'El corazón del océano', 'Gran Hotel', 'Cheers' eta 'Homicidios' telesailak aurkeztuko dituzte egunotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu