Mendian erori eta besoan min hartu ostean, hainbat astez bajan izan da Javier Torrontegi (Getxo, Bizkaia, 1956). Lanera itzuli eta egun gutxitara erantzun ditu gure galderak Donostiako hotel batean. 70ko hamarkadatik ari da kazetari lanetan. 1993tik 2009ra Prisako hedabideetan aritu zen.
Zer balantze egiten duzu kargua hartu zenuenetik gaur arteko bideaz?
Azken ikerketek datu onak eman dizkigute. Hasieran aldaketa politikoaren ordaina izan genuen, baina gerora hori aldatu da. Nik esan dezaket oso pozik nagoela topatu ditudan kazetariekin. Euskadiko irrati kazetari onenak EITBn daude. Erreferentzia informatiboa izan nahi dugu.
2010eko CIESeko datuek diote EITBko euskarazko irratiek entzule gehiago dituztela gaztelaniazkoek baino. Zer egin dute ondo euskarazkoek eta zer gaizki gaztelaniazkoek?
Ez da ezer ezberdina egiten ari euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko datuak onak dira, eta bereziki pozik nago. Baina kontuan hartu behar da euskaraz konpetentzia gutxiago dagoela. Euskarazko irratiei, gainera, gutxiago eragin diete aldaketa politikoak ekarritako ondorioak.
Onda Vascak kalte egin al dio Radio Euskadiren datuei?
Emisora pribatu guztiek dute eragina. Irrati bat sortzeak, Radio Euskadin izan diren kazetariekin, merkatua eta inkestak distortsionatzen dituzte.
EITBko irratiek gora egiteko tartea dutela iruditzen zaizu?
Ziur nago EITBko irratiak haziz joango direla. Gizarteari erreferente informatiboa eskaintzen jarraituko dute, sinesgarritasunagatik eta seriotasunagatik.
Interneten zer pauso ematea pentsatu duzue?
Oraindik ez dago zehaztua irratiaren jokaleku teknikoa zein izango den. Katalunian, adibidez, asko hazi da irratiaren kontsumoa Interneten. Guk datozen egunetan sarearen bitartez EITBko produktuak zabaltzeko plataforma bat eskainiko dugu.
Teknologia berriek aldaketak ekarriko al dituzte irrati ereduan?
Esango nuke baietz, baina ez informazioaren bizkarrezurrean. Produktu berriak sartu beharko ditugu zaharkituak daudenen ordez. Eta entzuleen parte-hartze sistema berriak asmatu beharko ditugu. BBCren eredua aintzat hartzeko modukoa da.
Zutabegile batzuek aipatu izan dute Boulevard-eko elkarrizketa politikoetan ez dagoela pluraltasun nahikorik, sozialistak direla nagusi.
2010ean, PSEren presentzia Boulevard-en %30 gutxiago izan zen,Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzari legokiokeena baino. Beste kontu bat Espainiako Gobernuko ordezkarien elkarrizketak dira.
EITBk PSE-PP itunaren gidalerroei jarraitzen al de?
Ez, ez dago gidalerrorik. EITBk Eusko Legebiltzarretik datorren ildoari jarraitzen dio.
Abenduaren 16an Rufi Etxeberria elkarrizketatu zuten Radio Euskadin. Aurreko egunetan EITBk jasotako zentsura salaketek eragina izan al zuten elkarrizketa egiteko?
Inola ere ez. Interes informatiboa gailendu zen.
Zergatik egin zen Radio Euskadin,eta ez Euskadi Irratian?
Aukeratu genuen tokia eta unea hori izan zen, informazioa zabaltzeko helburua hobeto bete zezakeena zelako. Eta elkarrizketa oso garrantzitsua izan zen, gerora ikusi zenez.
Zergatik ez dira ordutik elkarrizketa gehiago egon ezker abertzaleko bozeramaileekin?
Unean uneko elkarrizketa bat izan zen abendukoa, eta ez dugu ikusi gehiago egiteko beharrik orain arte.
Ezker abertzaleari ezarritako betoak jarraituko du, orduan, EITBn?
Ez dago eta ez da egon halako betorik. Ezker abertzaleko ahotsak entzuten dira EITBko irratietan.
Ezker abertzaleari botoa ematen diotenek zergak ordaintzen dituzte, eta zerga horiekin EITB ordaintzen da. Baina ezin dute haien ideologia dutenen ahotsa Euskadi Irratiko elkarrizketetan entzun.
Rufi Etxeberria elkarrizketatu genuen EITBko irratietan. Beste hedabide batzuetan zenbat elkarrizketa egin zaizkio Etxeberriari? Bakarra.
Hemendik bi urtera Eusko Legebiltzarrean egoera alda daiteke. Onartzen duzue zuen kargua denbora baterako izan daitekeela?
Nik argi dut lan hau denbora baterako dela. Eta gustura hartzen dut hori, kazetaritzan egunero ikasteko aukera dudalako.
Nola daramazu euskara ikastearen prozesua?
Hortan nabil. Konpromisoa hartzen dut laster maila hobetzeko, baina ez dut doako promesarik egin nahi.
Entzule batzuek galde dezakete nola balora dezakezun Euskadi Irratia eta Gaztearen lana hizkuntza ondo jakin gabe.
Esango nieke galde diezaietela bi irrati horietako zuzendariei nire iradokizunak nolakoak izan diren.
Komunikazioa. Javier Torrontegi. EITBko irratietako zuzendaria
«EITBn ez dago eta ez da egon ezker abertzalearen aurkako betorik»
Euskaraz ondo ez badaki ere, EITBko irratien arduradun nagusia da. Argi du orain betetzen duen kargua aldi baterako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu