Komunikazioa

EITBn Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugak tarte berezia izango du

Apirilaren 25ean, Ekaitz Rodriguezek zuzendutako 'Zerutik sua dator' dokumentala estreinatuko dute ETBn

Patxi Arratibel, Pello Sarasola, Edurne Ormazabal, Alberto Surio, Felipe Juaristi, Joseba Arruti eta Jose Angel Quintanilla atzo Bilbon, EITBren egoitzan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Apirilaren 26an, 75 urte beteko dira Gernikako bonbardaketa gertatu zela. Hori dela eta, EITB taldeak programazio berezia prestatu du datozen asteetarako. «Dagoeneko munduan ikur bihurtu den gure historiaren atal honi behar duen trataera ematea dagokigu, eta gertakizun historikoa gogorarazi, birsortu eta eguneratzeko aukera izango du», azaldu du Patxi Arratibelek, EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendariak. «Gernikan izango diren ekitaldien jarraipena bertatik egingo dugu, eta, ahal den neurrian, zuzenean eskainiko ditugu. Bonbardaketaren eragin eta ondorioak bizi-bizirik daude, eta guztiaren isla izaten saiatuko gara».

Gernikakoa ez ezik, datorren astean izango da Durangoko bonbardaketaren urteurrena. Hori ere gogoraraziko dute EITBko irrati-telebistetan eta Interneten. «Modu xumeagoan bada ere, Durangon ere izango gara urteurrena gogoratu eta ekitaldiak zuzenean emateko», esan du Arratibelek. Ostegun honetan, ETB2 kateak Durango, el bombardeo silenciado dokumentala emango du. Eta bonbardaketaren urteurreneko egunean bertan, larunbatean, ETB1ek Durango, bonbardaketa ixila lana emitituko du.

Apirilaren 5ean, Ostegun Santuan, ETB2n gaiarekin lotutako hiru ekoizpen ikusi ahalko dira: El bombardeo de Gernika, La idea de mi muerte eta Los niños de Gernika. Azken dokumental hori BBCk ekoitzia da, eta estreinaldia izango da ETBn.

Apirilaren 26an, ETBk Gernikan egingo ditu albistegiak. Gainera, eguneko albiste tarte guztien kokaleku izango dira. Hasi Egun on, Euskadi-rekin, Gaur egun eta Teleberri-ren edizio guztiak, Azpimarra eta, amaitzeko, Gauberri: Gernikan egingo dituzte guztiak. Egun horretan izango diren ekitaldien berri emango dute. Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko hainbat saio ere Gernikatik egingo dituzte.

Dena den, egun horren aurreko asteburutik hasita, erreportaje sorta bat ematen hasiko dira albistegietan. Gernikako bonbardaketak Euskal Herrian izandako ondorio eta eraginaz gain, nazioartean utzitako arrastoari erreparatuko diote. Bai Bilboko egoitzako erredaktoreek eta bai nazioarteko berriemaileek hainbat alderditatik landuko dute gaia.

Programazioko beste saio batzuetan ere leku nabarmena izango du Gernikako bonbardaketak: Ni más ni menos, Euskadi Directo, Forum, Bisitaria eta Harian.

'Zerutik sua dator' lana

ETB1 kateak apirilaren 25ean Zerutik sua dator dokumentala estreinatuko du. 36ko gerran Bizkaiak jasan zituen bonbardaketa ugariei eta haien ondorioei buruzkoa da Ekaitz Rodriguezek zuzendu duen lana. Esperientzia horiek pasatu zituztenek egin dute kontakizuna, lehenengo pertsonan. Haiekin batera, belaunaldi gazteagoko pertsona batzuk ageri dira, bizipen horien entzun eta bonbardaketak jasan zituzten protagonistak elkarrizketatuz.

Bonbardaketen inguruko programazio berezia aurkezteko, trantsizio irudiak landu dituzte ETBn, Picassoren Gernika margolanean oinarriturik.

Datorren udazkenean, bi ataletako sail berezi bat estreinatzeko asmoa dute. Luis Marias da proiektu horren zuzendaria.

Bonbardaketa Twitter bidez

Ekimen berritzaile bat jarriko du martxan EITB.com-ek. Gernikako bonbardaketa Twitter bidez kontatuko dute, gaur egun gertatu izan balitz bezala bederatzi pertsona historikoren txioen bitartez. Egitasmo hori bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruan landuko duten atari berezian jarraitu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.