Eusko Jaurlaritzak EITB taldeari emandako dirua nabarmen gutxitu egingo denez, taldeko webgunean hainbat murrizketa egingo dituzte.
Frantsesezko eta ingelesezko webguneak izango dituzte murrizketak. Webgune bakoitzak hiru langile izan ditu orain arte, baina datorren astetik aurrera langile bakarra ariko da lan horretan. «Ez dira webguneak itxiko, baina murrizketen ondorioz dimentsio txikiagoa izango dute», adierazi dute EITBko iturriek. Frantsesezko webgunea egiten duten hiru langileetatik bik aurrerantzean EITBn jarraituko dute lanean, eta batek lana galduko du.
Frantsesezko webgunea M4F enpresak egiten du, azpikontrata bitartez. Bost urte dira www.eitb.com.fr sortu zutela, eta hemendik aurrera askoz eduki gutxiago sareratuko ditu.
EITB.com-eko euskarazko eta gaztelaniazko bertsioek, berriz, orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute.
Eusko Jaurlaritzak EITBri 132 milioi euro emango dizkio 2012. urtean, aurten baino %8,4 gutxiago. Zuzendaritzak langile taldean murrizketak egin eta 979 langilerekin aritzeko asmoa azaldu du. Orain 1.100 langile aritzen dira.
Komunikazioa
EITBren frantses eta ingelesezko webguneak, dimentsio askoz txikiagokoak
Murrizketak direla eta, datorren astetik aurrera bi webguneetan hiru langile aritu beharrean bakarra arituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu