Komunikazioa

'Eldiario.es' egunkari digitala sortuko du 'Público' zeneko zuzendari ohiak

Escolarrek politikan eta ekonomian sakontzeko atari «independente eta doakoa» sortuko du udara aurretik

Donostia
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Badator sarearen aldeko apustu irmoa. Interneten egunkari independente eta ekonomikoki bideragarriak sortzea posible dela sinetsita, Eldiario.es egunkari digitala sortuko du, udara aurretik, Ignacio Escolar kazetari eta Público egunkari zeneko zuzendari ohiak (Burgos, Espainia, 1975).

Público hedabidetik aldendu da Escolar, eta Eldiario.es atari digitalaren sorreran murgilduta dago. Helburua da gune «independente eta doakoa» eraikitzea, politika eta ekonomia gaietan luze eta zabal sakontzeko bereziki. Komunikazio proiektu berriaren arabera, «Espainiako informazio eskaintzak pluraltasuna galdu du, gero eta itogarriagoa da». Hala, atari digitalak herritar eta ahots guztientzako leiho bilakatu nahi du. Egunkariaren xedea da kazetaritza «objektibo eta zintzoa egitea», eta, ondorioz, askatasuna, justizia, elkartasuna, berdintasuna, giza eskubideak eta demokrazia hobea izango ditu irizpidetzat. Sarearen joerei men eginez, informazio oro doan eta era librean eskuratu ahal izango da. Hain zuzen, egunkari independente eta ekonomikoki eutsigarria sortzeko euskarri bakarra Internet dela azpimarratzen du proiektu berriak, «Internet existitzen denetik, ixiltzea erabaki dutenek bakarrik galtzen dutelako ahotsa». Internet erraldoiari aurre egiteko hankamotz gelditu diren hedabideen beldurrak alde batera utzi eta mundu digitalaren onurez baliatu nahi du egitasmoak.

Lantalde aberatsa

Escolar izango da Eldiario.es egunkariko zuzendaria, eta Juan Luis Sanchez zuzendariordea. Kolaboratzaile lanetan ariko dira, besteak beste, Olga Rodriguez, Isaac Rosa, Carlos Elordi, Rafael Reig, Jose Sanclemente, Manolo Saco, Rosa Maria Artal, Javier Vizcaino, Leila Nachawati, Manel Fontdevila, Luz Sanchis, Bernardo Vergara, Lydia Molina, Daniel Basteiro, Antonio Avendaño, Irene Milleiro, Jordi Perez Colome, Elena Cabrera, Roger Senserrich eta David Bravo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.