Egoera ekonomikoak bultzatuta, aurreko ostiralean Nafarroako Esan Erran irratiak isildu behar izan zuen, halabeharrez. Ametza kultur elkarteak, ordea, ez du etsi euskarazko komunikabideak herritarrei zabaltzeko asmoarekin. Eta Pulunpe euskarazko aldizkaria egiten jarraituko du, azkeneko 20 urteetan bezala.
«Gogorra da gure eskualdekoahotsa ez entzutea uhinetan», dio Pulunpe aldizkariko koordinatzaile Arantxa Puignauk. «Irratiko esatariarekin lana estua izan da, eta irratiaren itxierak gauzak beste modu batean egitera bultzatuko gaitu. Ez gaude irratia isiltzearekin konforme, eta irratiari beste ate batzuk zabalduko dizkiogu». Pulunpe aldizkaria honako ibar hauetan banatzen da: Anue, Atetz, Basaburua, Imotz,Odieta eta Ultzama. «Gure xedea herri bakoitzeko etxe bakoitzean sartzea izan da, aldizkaria sortu genuenetik, eta hala egiten dugu», dio Puignauk. Herri eta ibar horietan gertatzen direnak jasotzen saiatzen dira. «Herritarrek hurbil sentituko duten aldizkaria egin nahi dugu, eta, horretarako, haiei protagonismoa ematea eta hori euskaraz egitea da gure helburu garrantzitsuena».
Aldizkariak Atetz, Basaburu, Imotz eta Odietako udalen babesa du, eta Ametza kultur elkarteko 220 bazkideena ere bai. «Pulunpe, egun dituen baldintzak kontuan hartuz, ez dago arriskuan».
Euskarazko aldizkariak, ordea, Nafarroako Gobernutik ez du sosik jasotzen. «Nafarroako Gobernuko agintariek euskarari dioten gorrotoa ulertezina da. Argi dago ito nahi gaituztela eta isilarazi».
Nafarroako euskarazko komunikabideak ohituta daude baldintza kaxkarretan bizirik irauten, «zoritxarrez». Egoera horrek elkarlanean sakontzera eramaten ditu Pulunpe eta beste proiektu batzuk. «Aldizkariekin bakarrik ez, euskarazko hedabide eta kultur taldeekin ere bai. Egoera honek guztiengan izanen ditu ondorioak, eta, seguruenik, une hau ezin egokiagoa izan daiteke guztiak elkartzeko eta norabide berean jartzeko». Indarrak metatu eta bide berean jartzen saiatu beharko dutela uste du aldizkariko kideak.
1992. urtean Pulunpe aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zuteneko erronka berarekin jarraitzeko asmoa dute: «Hotsa atera baietz!».
Komunikazioa
Esan Erran isildu arren, 'Pulunpe' aldizkariak aurrera jarraituko du
Nafarroako Anue, Atetz, Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzama ibarretan banatzen da hilero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu