Otsailean entretenimendua eta ikuskizuna ardatz izango zituen proiektu bati heldu zion ETBk. K2000 ekoizpen etxearekin. Gaueko show bat egin nahi zuten, 21:00etatik 21:30era. Ai, ama! izena jarri zioten saioari. Baina bost hilabeteko ibilbidearekin eman du eman beharrekoa. Datorren denboraldian ez du jarraituko Iban Garatek aurkeztutako saioak. ETBko iturriek adierazi dutenez, ikusle datuak ez dira izan espero zirenak. Kontuan hartu behar da programaren aurkezpenean Pello Sarasola ETBko eduki arduradunak honako helburu hau jarri zuela: «San Mames betetzeko adina ikusle biltzen saiatu behar du saioak». Ez dute halakorik lortu. Gehienetan, katearen batez bestekotik behera ibili da show-a.
Arri Granados programako zuzendari eta ekoizle eragilearentzat erabakia ez da bat-bateko albistea izan: «Guk K2000tik etengabeko harremana izan dugu ETBko zuzendaritzarekin, eta bagenekien hori gerta zitekeela. Hala eta guztiz ere, ez da inoren gustuko erabakia izan. Eta esango nuke ETBko arduradun taldearena ere ez. Telebistan eskarmentu handiko taldea garenez, naturaltasunez hartu dugu, ezagutzen baititugu arauak». Iban Garate aurkezleak dio bazekitela erronka gogorra zeukatela. «Eta ez dugu esperotako ikus-entzule mailarik lortu. Lan egin arren, azterketa gainditu ez duen ikaslearen sentipena izan liteke gurea».
Hala eta guztiz ere, programaren arduradunek balorazio positiboa egin dute. Granadosen ustez,esperientzia «oso aberasgarria» izan da: «Nik neuk asko ikasi dut,eta K2000rentzat aukera paregabea izan da, talentu handiko taldea ezagutu baitugu». Platoan Garaterekin batera Mikel Pagadizabal, Itziar Atienza eta Xabier San Sebastian agertu izan dira. Azken ataletan Egoitz Lasa eta Iñigo Agirre ere bai. Gidoilari koordinatzailea, berriz, Nagore Aranburu izan da. Granadosek hitz onak ditu guztientzat: «Jarraitzaile kopuru esanguratsua lortu ez baduguere, oso lehia latza izan dugulako gure ordutegian, feeling oneko ekipoa ginela islatzen jakin dugu».
Iban Garatek, era berean, honako hau adierazi du: «Uste dut bost hilabete hauetan lan talde on bat osatu dugula eta Ai, ama!-n ikasitakoak datozen programatan lagungarri izango zaizkigula denoi. Hurrengo azterketari heltzeko desiatzen gaude, baita zailagoa bada ere».
Proiektu berriak gauetarako
Datorren denboraldiari begira, ETB1eko 21:00etatik 21:30erako tartean zer saio jarri izango da hartu beharreko erabakietako bat. K2000 ekoizpen etxeak hainbat proiektu aurkeztu dizkio zuzendaritzari, bai ordutegi horretarako bai beste batzuetarako, euskaraz zein gaztelaniaz.
Ai, ama! estreinatu aurretik, Maddalen Iriartek aurkeztutako Azpimarra saioa ematen zuten ordutegi horretan. Otsailean 19:10era pasatu zuten Azpimarra. Astelehen gauetan saio berezi bat ere izaten du Iriarteren programak, 23:20 aldera. Aukeretako bat izan daiteke saioa lehen zuen ordutegira itzultzea.
Komunikazioa
ETB1eko 'Ai, ama!' saioak ez du jarraituko datorren udazkenean
Eman duten bost hilabeteetan, ez ditu lortu ETBko zuzendaritzak espero zituen ikusle datuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu