ETB1 eta ETB2 kateek otsailean lortutako ikusle kuotek ez dute aldaketa askorik izan, urtarrileko datuekin alderatuta. Euskarazko kateak hamarreko bat egin du gora otsailean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %1,9ko ikusle kuota lortu du; ETB2 kateak, berriz, hamarreko bat gutxiago izan du, %8,5eko ikusle kuotarekin. Urtebetean ETB1ek zein ETB2k izan duten beherakadaren adierazle dira datuak.ETB1ek zazpi hamarreko gutxiago ditu aurtengo otsailean, eta azken hilabeteetan %2ko ikusle kuotaren bueltan ibili da euskarazko katea.
Batez besteko datuak ikusgarriak ez badira ere, ikusle kuota altuak lortzen dituzten programak ditu ETB1ek. Mihiluze lehiaketa da horietako bat. Datu onak lortzen ditu gauero, katearen batez bestekotik gorako ikusle kuotekin. Goenkale telesailak ere ikus-entzuleen kopuruari eusten dio, eta Finlandia umorezko saioa ETB1 katea suspertzeko apustu berria da. Gainera, larunbatean IBIL2D saioa estreinatuko dute euskarazko katean: bazterrak ezagutzeko txangoen programa izango da.
Kirol emanaldiek ikusle kuota onekin jarraitzen dute otsailean ere. Futbola eta pilota dira ikus-entzule gehien duten emanaldietako batzuk, eta otsailaren 26an ETB1 kateak eskaini zuen Arsenal-Bartzelona partidak datu oso onak lortu zituen: %28,9ko ikusle kuota, hain zuzen. Otsailaren 27ko eskuz binakako pilota txapelketaren partida ere gehien ikusi diren emanaldien artean dago. Bere ordu tartean nagusi izan zen, eta %15,1eko ikusle kuota eskuratu zuen. 111.000 ikus-entzulek jarraitu zuten partida, eta 200.000 jarraitzaile inguruk egin zuten bat emanaldiko momenturen batean.
ETB2 kateak azken hilabetean hamarreko bakarra galdu badu ere, nabarmena da urtebetean izan duen galera: iazko otsailean baino hiru puntu gutxiago ditu. Dena den, 2011. urteak ez dizkio datu txarrak ekarri gaztelaniazko kateari: emaitzarik onenak dira, iazko abuztuan %9ko ikusle kuota izan zuenetik. Eta horretan badu zerikusia El conquistador del fin del mundo saioak.Otsailaren 27an gehien ikusiriko programa izan zen; inoiz lortutako datu altuenak izan zituen. %20,8ko ikus-entzule kopurua izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 220.000 ikus-entzulek jarraitu zuten emanaldia. Igande gauean gehien ikusirikoa izatea lortu du bigarrenez, eta haren nagusitasunaren erakusle dira lortutako emaitzak onak. Arratsaldeetan, berriz, Ni más ni menos saioak Aspaldiko ordezkatu du otsailaren azken egunean, eta ETB2ko arratsaldeko programazioari bultzada ematen dion ikusi beharko da.
ETB1 eta ETB2 kateetako datuak atzean utzita, Tele5k jarraitzen du gehien ikusirikoa izaten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Telebista kontsumoari dagokionez, 250 minutuz ikusi zen, pertsona eta eguneko, hiru probintzietan. Urtarrilean, berriz, sei minutu gehiagoz.
La1, gehien ikusirikoa Espainian
Zazpigarren hilabetez jarraian, otsailean ere La1 kateak jarraitzen du lider Espainian. %15,1eko ikusle kuota izan du, baina Tele5k aldeak murriztu ditu hilabete honetan, %14,4ko kuotarekin. Antena3 kateak hirugarren postuari eusten dio, urtarrilarekiko hiru hamarreko jaitsiera izan badu ere. Cuatrok, berriz, bi hamarreko irabazi ditu otsailean, eta LaSexta katearen aurretik dago orain, %6,5eko ikusle kuotarekin.
ETB1en ikusle kuota hamarreko bat igo da otsailean; ETB2rena, aldiz, jaitsi
ETB2 kateak %8,5eko kuota izan du otsailean EAEn; iaz baino hiru puntu gutxiago eskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu