Monzon pastorala ez da ETBn ikusiko datorren urtean. Ez da Euskal Herri osora zabalduko, baldin eta ETBk ez badio Kanalduderi filmaketa erosten.
90eko hamarkadatik iaz arte, urtez urte Zuberoako pastorala grabatu izan du udan ETBk, hurrengo urtean Aste Santuan emititzeko. Iaz, Barkoxe herrian egin zuten Xahakoa pastorala ez zuen grabatu ETBk. Baina Kanaldudek grabatu eta ETBk erosi egin zion grabaketa. Euskara batuko azpidatziak jarri zizkioten ohi bezala, eta Aste Santuan emititu zuten; beti bezala, desordutan. Kanaldudek sei kamera erabili zituen Xahakoa antzezpenaren grabaketa egiteko. DVD bat argitaratu zuten, halaber. ETBtik 4.000 euro jaso zituen Kanaldudek, eta horri esker aurrekontuari aurre egiteko aukera izan zuten.
«Aurten, ordea, ETBk hartu duen erabakia izan da ez dutela emitituko. Harremanetan izan gara ETBko arduradunekin eta nahi genuke grabaketa erostea. Baina aurten, oraingoz, ez dago halakorik», azaldu du Kanaldudeko arduradun Ximun Karrerek.
Kanaldude moduko komunikabide txiki batentzat gastu handia suposatzen du pastorala filmatu eta editatzeak. Hartara, 600 DVD argitaratuko dituzte. Irailaren 17an Bergaran antzeztuko dute Monzon, eta DVDak egun horretan saltzen hastea espero dute. «Baina, DVD guztiak salduta ere, ez genuke aurrekontua beteko», adierazi du Karrerek. Sei kamerekin grabatu zuten Larraineko herriak abuztuaren 9an antzeztutako pastorala. Eta, nahiz eta aurrekontua txikitu duten, Kanaldudek galerak izango ditu grabaketarekin.
Telesforo Monzon (Bergara, 1904-Baiona, 1981) euskal politikari eta kultura gizonaren bizi urratsak eta borrokak goraipatzen ditu Monzon lanak.
Pastoral asko artxiboan
Azkeneko urteetan ETBk pastorala grabatu eta emititu izanak altxor preziatua utzi du. Zuberoako herrietan egindako pastoralak baliabide txukunekin filmatu dituzte ETBko kamerek. Eta euskal antzerkigintzarentzat material garrantzitsua da hori. Iaz Kanalduderi esker heldu zen grabaketa ETBko artxibora. Baina Monzon pastorala, oraingoz, ez da euskal telebista publikoaren artxibora iritsiko.
Datorren urtean Arrokiaga herriak Jean Bordaxarrek idatzitako Jose Mendiaga argentinarraz... pastorala antzeztuko du. Ikusteke dago lan hori, aurten bezala, Kanaldudek bakarrik grabatu eta emititzen duen ala ETBko zuzendaritzak pastoralak artxiborako gorde eta ikuslegoari zabaltzeko hautua berreskuratzen duen.
ETBko zuzendaritzan pastorala ez emititzearen gaineko arrazoien inguruan galdetu zuenBERRIAk duela bi aste, baina ez du inolako erantzunik jaso. Kanaldude, bien bitartean, pastoralaren filmaketa ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko da.
Komunikazioa
ETBk aurreneko aldiz ez du emitituko urteroko Zuberoako pastorala
Kanaldudek grabatu du 'Monzon' pastorala, eta horien desioa litzateke, iaz bezala, ETBk filmaketa erostea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu