Euskadi Irratiko LABek irratiaren ildo politikoa kritikatu zuen atzo prentsa ohar bidez: «Euskal Herrian aldaketa politikoaren bidean izaten ari den prozesuak, gure ustez, ez du benetako tokia ez EITBn ezta Euskadi Irratian ere. Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela erakusten duten albisteei ahalik eta oihartzun gutxien ematen saiatzen da zuzendaritza». LABetik diote tertuliakide eta iritzi emaileen proportzioa ikusita, garbi dagoela ezker abertzalearen inguruak presentzia galdu duela. «Gure ustez, ezker abertzaleak badu zer esanik momentu honetan, eta horretarako aukerak lantzen saiatuko gara aurrerantzean ere». Kontuan hartu behar da Batasuneko ordezkariei elkarrizketak ez egiteko agindua duela EITBko zuzendaritzak.
Programazio aldaketen inguruan ere bere gogoeta egin du LAB sindikatuak: «Salatu nahi dugu zenbait ordu mugatan izan diren aldaketak: goizeko albistegian, kirol saioetan, arratsalde paran... gorputz osoaren ahultzea dakarten zantzuak ikusten ditugu, egoera ekonomiko makurra aitzakia hartuta».
Lan kontratuen aferan, aurreko zuzendaritzak bideratu zuen merkaturatzea lan arlora ekartzeko prozesuan daude orain. LABek salatu du «krisia aitzakitzat hartuta, orain ordezkatzerik ez dela egiten». «Lan Poltsan dauden pertsonak, urteetan programazioari eusteko ezinbestekoak izan direnak, ia aukerarik gabe gelditu dira lanerako». Lan kontratua egin zaien langile batzuen egoera ere berezia da: %80 edo %90eko kontratuak dituzte, taldeko beste irratietan ez bezala. Langileen lan baldintzak «kaxkartu» eta soldatak jaitsi egin dituztela nabarmendu du sindikatuak.
Aralar harrituta aldaketekin
Bestalde, Rosa Diez Urrestarazu Euskadi Irratiko zuzendariaETB1eko edukien zuzendari izateko erabakiaren inguruan, Aralarrek «harridura» azaldu zuen duela egun batzuk. «Aralarren irudikoz, horrek adierazten du egonkortasun eza, zeinak EITB taldeari mesede barik kalte egiten dion. Ez da erraz ulertzen irratiko zuzendaria telebistaren edukien zuzendaritza postura eramatea, oraindik Euskadi Irratiak lan premia handia baitu eta ez baita erraz ulertzen etxe barruko profesional bat ipini ez izana».
Hamabost hilabeteko epean bigarrenez zuzendari aldaketa izan dutela ere nabarmendu du LAB sindikatu abertzaleak.
KOMUNIKAZIOA
Euskadi Irratiko ildo politikoa kritikatu du LABek
LAB: «Aldaketa politikoaren bidean ematen ari den prozesuak ez du benetako tokia EITBn»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu