Nafarroako euskal hiztunentzako topagune eta plaza digital bat sortzeko asmoarekin, Euskalerria Irratiak webgunea berritu du duela gutxi. Hala, irrati horrenak ez ezik, beste hainbat talderen edukiak eta zerbitzuak eskaintzeari ere ekin diote. «Plaza irekia da, internautentzat, entzuleentzat, haien albisteak sareratzeko aukera ematen duena; horretarako leiho bat ere sortu dugu», azaldu du Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko kazetariak. «Ez dugu sortu nahi izan Interneteko irrati bat, baizik eta webgune bat irrati edukiak ere eskaintzen dituena».
Irudiari eta ilustrazioei garrantzi handia eman die euskalerriairratia.com berriak. Ikus-entzunezko edukiak eta bideoak ere eskaintzen saiatzen ari dira.
Lehen begiratuan, azkar ikus daitezke azaleko albisteak eta saioetako eduki aukeratuak. Podcast kanal nagusiak ere lehentasunezko lekuan jarri dituzte. Hortik behera, jite askotako edukiak eta zerbitzuak daude.
Edukiak, 'cc' lizentziapean
Iruñeko irratiko edukiak creative commons lizentziapean jarri dituzte. «Ezinbestean hala izan behar zuen, gure filosofiarekin bete-betean bat egiten baitu, eta gurean kultura librea egiten baitugu», dio Lakastak. «Irrati komertzial eta profesional bat gara, bai, baina gizarte zibilarekin harreman etengabean bizi dena. Berrehun bat kolaboratzailek musu truk parte hartzen dute gure programazioan. Beren jakinduria musu truk partekatzen dute, eta oso argi genuen guk sarean hori bera egin nahi genuela».
Irratiaren webgunean, zuzeneko emanaldia ere entzun daiteke. Saioen podcast-ei dagokienez, berriz, bi mailatan funtzionatzen dute: bi magazinak eta eguerdiko albistegia egunero sareratzen dituzte. Podcast jario orokor bat dute, horiek guztiak biltzen dituena. Eta magazin bakoitzak eta albistegiek badituzte euren podcast propioak, bereziak. Beste maila selektiboagoa da: programazioko perlak —zutabeak, elkarrizketak, mahai inguruak...— webgunearen azalera ekartzen dituzte, ilustrazio egokiekin apaindurik eta azalpen testu zainduez lagundurik.
Sare sozialetan, pixkanaka
Euskalerria Irratia sare sozialetan ere ari da lan egiten azkenaldian. «Emeki-emeki ari gara. Webgunean jartzen ditugun edukien berri emateaz gain, ahalegintzen gara Twitterrerako espresuki sorturiko gogoetak sartzen, baita bestelako komunikabideetako albiste interesgarriak zabaltzen eta elkarrizketetan parte hartzen ere». Lakastaren iritziz, helburuak ez luke izan behar sare sozialetan bakarrik irrati edukiak banatzea, «baizik eta sare sozialetako erabiltzaile bat sare sozialetarako bereziki pentsaturiko edukiak zabaltzen dituena». Ildo horretan, datorren denboraldian giza baliabide gehiago izango dituzte webgunera eta sare sozialetara bideraturik. «Eta hori ere nabarituko da».
Interneten bitartez, gero eta entzule gehiago ditu Euskalerria Irratiak. «Eta, tokiko irrati bat izanda, jakin behar dugu baliatzen munduko euskaldun guztiengana iristeko aukera hori».
Iruñerriko euskal komunitatearentzat erreferente bilaka daiteke euskalerriairratia.com. «Topagune bilakatu nahi dugu, elkarren berri edukitzeko plaza digital bihurtu». AEKren, IKAren, BERRIAren, Karrikiri elkartearen eta Eusko Ikaskuntzaren edukiak topa daitezke webgunean. Eta, dagoeneko, akordioak lotu dituzte Eguzki Bideoak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin. «Ideia da elkarlana, auzolana bultzatzea, eta komunitate sentipena trinkotzea, kohesionatzea».
Komunikazioa
'Euskalerriairratia.com' berria, Nafarroako euskal hiztunen topagune
Euskalerria Irratiaren programazioa zuzenean eta 'podcast' bidez entzun daiteke webgunean, eta eduki gehiago ere baditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu