Komunikazioa

Euskara larri litzateke ETB pribatizatuta

Madrilgo legebiltzarreko hauteskundeak irabazten baditu, PPk telebista autonomikoak pribatizatzeko hautua egingo duela iragarri du. Alderdi gehienak horren aurka azaldu dira.

ETBko Miramongo plato baten irudia. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Telemadrid saldu egingo dute Mariano Raxoi PPko hautagaia Espainiako Gobernuko presidente bihurtzen bada. Beste kate autonomikoei «pribatizatzeko aukera» eman nahi dio PPk, lege bidez. Iazko azaroan legez besteko proposamena egin zuen alderdi horrek, foru erkidegoek kate autonomikoen kudeaketa pribatizatzeko aukera izan dezaten. Hartara, Madrilgoaren ostean beste kate batzuen pribatizazioa iritsi daiteke epe ertainera.

Balizko pribatizazioen inguruan alderdi politikoen iritzia jakin nahi izan du BERRIAk, eta denak PPren proposamenaren aurka azaldu dira.

PSEren arabera, telebista publiko autonomikoek «dudarik gabeko» zerbitzu publikoaren funtzioa betetzen dute. «Zerbitzu publiko guztietan bezala, ezinbestekoa da arrazionalizazioa eta gastuaren egokitzapena, baina inolaz ere beren desagerpena».

Ezker abertzalea edozein ente publikoren pribatizazioaren aurka dago: «Pribatizatzen baldin bada, hori kapitala jarri duenaren tresna izatera pasatzen da». Ezker abertzalearen ustetan, komunikabideak ekonomiaren gainetik gizarteko sektore zein maila sozial guztien zerbitzuan eta eskura egon beharko liratekeen tresna oso baliagarriak dira.

PPk telebista autonomikoekiko duen jarrera gogor kritikatu du PSEk: «PPren gobernuen jarreran ez da informazio independentziarekiko errespeturik egon, ezta aurrekontu soiltasunik ere».

EAJ guztiz kontra azaldu da pribatizazioaren aurrean: «EAJk kate autonomiko publikoen aldeko apustua egiten du. ETBren kasuan, gizarteari zerbitzu bat emateko sortu zen, eta sortu zeneko helburu horiek ez lituzke bermatuko kate pribatu batek».

EA ere ETB pribatizatzearen erabat kontra dago: «Argi dugu alderdi politikook gogoeta egin behar dugula komunikabide publikoetan inbertitzen ari garen baliabideen inguruan. Behar bezala aztertu behar dugu norainoko gastua izan daitekeen onargarria eta egokia, baina beti argi izanda ETBk bere izaera publikoari derrigorrez eutsi behar diola».

Aralarren arabera, hedabide publikoek autonomo izan behar dute, edozein aginte politiko edo ekonomikoren gainetik. «Dena den, PPren asmoak ez gaitu harritzen. Haiengatik balitz, sektore publikorik ez litzateke egongo».

ETB pribatizatuko balitz, zer?

PP izan ezik, gainontzeko alderdiek uste dute euskara oso kaltetuta irtengo litzatekeela ETB pribatizatuko balitz.

PSEk azpimarratu du euskal irrati eta telebista publikoa oso tresna indartsua dela euskararen zabalpenean eta indartzean. «Komunikazio taldeen estrategian, audientzia edozein prezioren truke lortu nahi horretan, ia ezinezkoa litzateke pentsatzea euskara lehentasun bat izan daitekeenik kate pribatu batentzat, EITBrentzat den bezala».

Ezker abertzalearen iritziz, ETB pribatizatzea euskararentzat oso kaltegarria izango litzateke. Aralarren ustez, ETB pribatizatuko balitz informazioa euskaraz gura duten herritarrek erreferentzia bat galduko lukete. «Dena dela, ETB1ek erakusten du publikotasuna ez dela nahikoa: ganorazko programazioa ere behar da, xede den ikusleari zuzendurikoa». EAJk azpimarratu duETBren sorrerako helburuetako bat «euskararen sustapena eta normalizazioa» izan zirela. «Kriterio pribatuekin ezinezkoa litzateke ETB1 mantentzea. Publikotasunak bermatzen du bakarrik audientzietatik harago dagoen proiektu bat». EAk uste du ETB pribatizatuko balitz arlo kaltetuen artean euskara egongo litzatekeela. «Ezin dugu ahaztuEITBren Legeak komunikabide publikoen esku utzi zuela, besteak beste, euskararen garapena».

Hizkuntz aferaz gain, pribatizatzeak kalte gehiago ekarriko lituzke, ezker abertzalearen arabera: «Ideologia ofizial baten eraketa ekarriko luke; ahotsik gabekoen ahotsa are gehiago ixilduz eta ikustezin bilakaraziz, bizitzeko molde zehatz baten eraketa, klase sozial konkretu bateri zuzenduta eta gainontzekoenganako inposaketa bizimodu horretara».

Proposamenak EITBrentzat

Ezker abertzalearen arabera, EITBk beste gauza askoren artean honakoa egin beharko luke: «Edukien eta proiektuen gehiengo akordio parlamentario baten alde egin eta adostasuneko zuzendaritza berri bat izendatzea». Zeregin zehatzak lortu beharko lituzke batzorde parlamentarioak: «Aholkulari batzordea, albistegien kontseilu profesionala, sarbide eskubidea eta administrazio kontseilu operatibo eta exekutibo bat. Bestetik, ikus-entzunezko komunikazio lege bat, sistemaren taldearentzat. Baita ikus-entzunezko kontseilu bat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.