ETB1 kateak Euskararen jatorria: enigma europar bat dokumentala estreinatuko du datorren asteazkenean. Euskaldunon iruditerian txertatutako galdera askori erantzun nahi die Digitalak ekoizpen etxeak egindako lanak.
Aspaldikoa da Hasier Etxeberria kazetariaren proiektu horren jatorria: «Duela hamalau urte, gaixoaldi luze batean gidoi bat idatzi nuen. Hura amaitu baino lehen, Koldo Izagirreri deitu nion laguntza eske. Gero, proiektua erakusten ibili nintzen hainbat ekoizle, politikari eta telebistako arduradunei. Denek esaten zidaten lan hori egin behar zela, baina hamalau urte pasatu dira ».
Duela bost urte beste «beroaldi» bat izan zuen proiektuak, eta Etxeberriak batzorde zientifiko bat osatu zuen Blanca Urgell, Joseba Lakarra eta Jokin Gorrotxategirekin. «Koldo Izagirrerekin, berriro gidoia txukundu genuen», dio Etxeberriak. «Urgell Jaurlaritzara iritsi zen, eta Lakarra eta Gorrotxategirekin aritu gara geroztik euskararen jatorriaren gaineko proposamen ezberdinak aztertzen».
«Zer dakigu gure hizkuntzaren jatorriari eta ahaideei buruz?» eta beste galdera batzuk planteatzen ditu dokumentalak. «Euskaldunok badugu jakin-mina gure jatorriari buruz. Galdera horien erantzunen bila ibili gara Marseillan, Munichen, Hawaiin, Massachusetsen eta beste hainbat lekutan». Hamabost hizkuntzalari elkarrizketatu dituzte Hasier Etxeberriak eta Maider Eguesek.
Dokumentala irudiz hornitzeko, irudimena erabili behar izan dute. «Oso lehorra da gaia telebistan tratatzeko, irudirik ez baitago. Hori izan da dokumentalaren bigarren apustua». Guggenheim parean kaxarranka dantza grabatu zuten duela egun batzuk, eta beste hainbat grabaketa egin dituzte, Juanfe Garces errealizadorearen laguntzarekin. Produkzioan, Josu Eguin eta Oier San Martin aritu dira.
Euskaraz estreinatuko dute dokumentala. Halaber, gaztelaniazko bertsioa ere egin dute, eta etorkizunean ETB2 katean emango dute. ETBn emateaz gain, lanak Europan zabalpena izan dezakeela iruditzen zaio Etxeberriari: «Izan ere, Europara begira egindako lan bat da. Ondare europar bat bistararaztea da, eta horretarako errekurso batzuk erabili ditugu. Esate baterako, kontakizuna Gernikan hasten dugu. Estrategia narratiboaren tranpak erabili ditugu». Lanaren egileek itxaropena dute Europako gaikako hainbat katetan emititzea. «Ikastetxeetan proiektatzea ere aukera bat izan daiteke».
Komunikazioa
'Euskararen jatorria: enigma europar bat' dokumentala, asteazkenean ETB1 katean
Hasier Etxeberriak zuzendu du lana, eta nazioarteko 15 aditu eta hizkuntzalari elkarrizketatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu