Komunikazioa

Ezustekoz beteta iritsiko da gaur ETB1eko 'Euskal Kantuen Gaua'

Kike Amonarrizek eta Itziar Atienzak aurkeztuko dute saioa, eta ehun gonbidatu inguru izango dira

Martin Garitano (Bildu) eta Jose Luis Bilbao (EAJ), elkarrekin kantuan. ETB.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Aurkezle berriak izango ditu aurten ETB1eko Euskal Kantuen Gaua-k: Kike Amonarriz eta Itziar Atienza. Halaber, bestelako berritasunak izango ditu programak. Ze Esatek! musika taldeak egindako kanta ezagunen bertsioak izango dira entzungai, 23:15etik aurrera. Athletic eta Realaren taldeetako jokalariekin, La Oreja de Van Gogh musika taldearekin eta ETBko albistegi eta kiroletako aurkezle taldearekin grabatutako bideo bereziak emango dituzte. Gatibuko abeslari Alex Sarduik Bermeoko Izaro abesbatzarekin batera egingo duen potpourria ere berezia izango da. Horrez gain, Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalari atzerritarrak kantuan ariko dira.

Ehun gonbidatutik gora izango dira gaurko saioan. Elkarrekin abesten ariko dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Luis Bilbao Bizkaikoa. Idoia Mendia, Blanca Urgell eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere elkarrekin izango dira oholtza gainean. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, berriz, bakarrik ariko da kantuan.

Bertsolariak ere izango dira Euskal Kantuen Gaua-n: Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Sarriegi.

Kirolarien artean, Getaria-Tolosa taldeko emakume arraunlariak eta Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak izango dira abesten.

Finlandia saioan imitatu ohi dituzten Joxe Mari Olasagasti eta Iñaki Perurena pertsonaiak kantuan ariko dira elkarrekin. ETBko albistegietako aurkezleak, beste saio batzuetako aurkezleak, tertuliakideak, Goenkale eta Vaya Semanita-ko aktoreak, Gazteako esatariak eta EITBko hainbat kazetari izango dira kantuan gaurko saio berezian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.