Komunikazioa

'France Soir' egunkariak paperean argitaratzeari utzi dio

Lantaldeko 127 langileetatik 89 kaleratu ostean, soilik Interneteko edizioa egingo dute

urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Frantziako France Soir egunkariak paperean argitaratzeari utzi dio. Herenegun zuen berez kioskoan azken eguna, baina CGT sindikatuko kide batzuek azken alea argitaratzea galarazi zuten. Sindikatuko kide horiek egunkariaren egoitza okupatu zuten astearte eta asteazkenean.

Aleksandre Pugatxev errusiarra da France Soir-en jabea, eta erabakia duela aste batzuk hartu zuen. Galera ekonomiko handiak izan ditu egunkariak azkenaldian. Hori dela eta, papera utzi eta soilik Interneten argitaratzeko hautua egin zuen. Lantaldeko 127 langileetatik 89 kaleratu egingo dituzte. Interneteko edizioa hemendik aurrera 32 langileren esku geldituko da.

France Soir egunkaria 1944. urtean sortu zen. 60ko eta 70eko hamarkadetan izan zuen garai onena. Milioi bat ale saltzen zituzten orduan. De Gaulle jenerala hil zenean lortu zuten markarik onena, 1970ean, 2,2 milioi ale salduz.

Iaz, egunkariaren prezioa 50 zentimotara jaitsi zuten. Eta milaka ale batzuk gehiago saldu zituzten, baina ez proiektua altxatzeko adina. Paperetik digitalerako trantsizioa egiteko, 10 milioi euro inbertituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.