France3 telebistak Euskal Herri albiste saioa bertan behera uzteko dituen asmoen kontra, katea 15 egunez ez ikusteko deia egin die herritarrei Euskal Herri ez hunki taldeak. Azaroaren 12ko 19:10era arte iraungo du boikot kanpainak.
France3k ezinegona eragin du Euskal Herri saioaren ikusleen eta euskararen aldeko erakundeen artean. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren inguruko albisteak ematen ditu saioak egunero, zazpi minutuz, eta Frantziako telebista publikoan euskara eskaintzen duen saio bakarra da. Kateak iragarri duenez, Domu Santu egunean eta Gabonetan ez dute saioa emango, krisia dela-eta dirua aurrezteko. Euskal Herri ez hunki taldea beldur da etenaldia behin betikoa izango den.
Gutunak bidaltzeko deia
Boikot egiten dutenei horren arrazoiak gutun batean idatzi eta France Television eta France3ko zuzendariei bidaltzeko eskatu dute kanpainaren antolatzaileek. Horrez gain, azaroaren 9an, bilkurak egingo dituzte 12 herritan. Baionakoan, abesbatzak elkartu nahi dituzte, udaletxearen aurrean.
Komunikazioa
France3 bi astez ez ikusteko kanpaina hasi da, 'Euskal Herri' saioaren alde
'Euskal Herri ez hunki' taldeak eskatu du boikotaren arrazoiak kateko zuzendariei idatziz adierazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu