Komunikazioa

France3ko euskarazko saioari eusteko mobilizazioak erabakiko dituzte gaur

Asteazkenean, berrehun pertsona elkartu zituzten Baionan 'Euskal Herri' albistegiaren alde

France3ko Euskal Herri Pays Basque saioari sostengua adierazteko, berrehun bat pertsona elkartu ziren Baionan. GAIZKA IROZ.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herri ez hunki! zioten afixak eskuetan, berrehun pertsona elkartu ziren herenegun Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren inguruan, France3 kateak euskarazko Euskal Herri saioa ken ez dezala eskatzeko. Mugimenduari segida nola eman erabakiko dute gaur, eta abendurako mobilizazio handiago bat egitea izango dute mahai gainean. «Denetariko jendea elkartu gara Baionan, hautetsi batzuk eta herritar xumeak, tokian tokiko informazioa nahi dutenak», azaldu dio BERRIAri Sebastien Cantet Euskal Konfederazioko langileak. Esan du Frantziako telebista publikoko euskarazko minutu bakarrak galtzeko mehatxuak ezinegona sortu duela euskararen aldeko mugimenduan.

Azaroaren 9an beste mobilizazio bat izango da. «Ikusten badugu France3 tematzen dela emankizuna ez egiteko erabakiarekin, mobilizazio handiago bat egingo dugu abenduan», dio Castetek.Mugimenduari zein segida eman erabakitzeko, protesten egitaraua finkatzeko, gaur bilduko da sostengu taldea,12:15ean, L'Atalante zinemagelan, Baionan.

Asteazkenekoa bigarren mobilizazioa zen; aurrekoa irailaren amaieran egin zuten. France3ren erabaki batek mugiarazi ditu hautetsiak eta herritarrak: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko 7 minutuko Euskal Herri albistegia kendu egingo dute Domusantu egunez eta Gabonetan, krisia aitzaki. «Gizarteak segitu behar du mobilizatzen, France3 estu hartzen emankizuna ez kentzeko, beldur gareko Gabonetako etenaldia ez ote den behin betikoa bihurtuko», dio Castetek.

FranceTVk krisia eta aurrezteko beharra argudiatu du: tokiko emanaldiak hiru astez etenda 700.000 euro aurreztuko omen dira. Neurrien atzean tokiko telebista sarea «desegiteko asmoa» dagoela salatu du sostengu taldeak. Lehen ere kezkaz ikusi ditu Euskal Konfederazioak Euskal Herri albistegia murrizteko asmoa. Saioari segundo bakar bat kentzea kateak zerbitzu publiko gisa euskara kontuan hartzeko eta garatzeko duen arduran «gibelapen kezkagarria» litzatekeela argudiatu du Euskal Konfederazioak. «Tokiko informazioa behar dugu, tokiko kazetariek ematea, ez eta hemengo informazioa Bordeletik kudeatzea», dio Cantetek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.