Komunikazioa

Futbolaren inguruko euskarazko edukiak 'Futbolmamia.com' gunean

Futboleko oinarriak lantzeko ariketak, aholkularitza zerbitzua eta euskal taldeen partidak jasotzen ditu

Futbolmamia.com webgunean erregistratzeko, hilean bost euro ordaindu behar dira. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bada futbolari eskainitako euskarazko aldizkari digital bat, espezializatua eta beste inon aurki ez daitezkeen edukiekin: Futbolmamia.com. Urola Kostako Udal Erakundeak antolatzen duen Ekin enpresa ideien lehiaketen finalista izan zen proiektua. Eta Aitor Manterola kazetariak sareko aldizkariarekin aurrera egitea erabaki zuen, Aitor Zulaika, Oier Agirrezabalaga eta Mikel Arregiren laguntzarekin. Badira aste batzuk webgunea martxan dela.

Euskararekin eta futbolarekin lotuta daude webgunearen asmoak, Manterolak azaldu duenez: «Euskararekin, gure hizkuntzak teknologia berrien esparruan beste baliabide bat izan dezan zabaltzen joateko. Eta futbolarekin, gure hizkuntzan gurea bezalako proiekturik ez delako egon orain arte. Hori bai, futbola esaten dugunean bere jatorrizko ezaugarriez ari gara».

Hilero zortzi eduki edo artikulu eta elkarrizketa sartzen dituzte webgunean. Eduki horietan futbolaren berezko ezaugarriak jorratzen dituzte: taktika, teknika, prestaketa fisikoa eta psikologikoa. «Taldeen azterketak eginez edo entrenamenduetako ariketak proposatzen ditugu, baita futbolean gertatzen diren egoerak azalduz ere». Orain arteko edukietan, adibidez, Reala, Athletic eta Osasuna aztertu dituzte. Horretarako, bideoa eta marrazkiak erabiltzen dituzte. Eduki horiek eta elkarrizketak ikusteko, harpidetza egin behar da. Hilean bost euro ordaindu behar dira, eta harpidedunak hilabeteren batean harpidetza eteteko aukera dauka, momentu horretako edukiak ez bazaizkio interesatzen. «Kuota horrekin ez dugu etekin handirik aterako; baina gure helburua ez da hori. Gure lana baloratzeko modua baino ez da».

Manterolaren arabera, entrenatzaileak dira webgunearen hartzaile potentzialak, futbola gustatzen zaion edo bertan sartuta dauden beste esparruetako jendearekin batera: jokalariak, zaleak, agintariak, epaileak, kazetariak...

Webgunearen sortzaileak dioenez, orain arte harrera ona izaten ari dira. «Baina beti dago hobetzen joateko aukera. Harpidetza bidez ikus daitezkeen edukietan, gustatuko litzaiguke klubak animatzea harpidetza egitera. Azken batean, webgunea oso tresna baliagarria da klubentzat».

Euskalmamia.com-ek euskal taldeei jartzen die arreta nagusia. Bigarren B Mailara arteko albisteak jartzen dituzte gizonezkoetan, eta Lehen Mailakoak emakumezkoetan. «Baina iritsiko gara beste maila batzuetara ere, eta aldian-aldian ez dugu baztertzen nabarmentzeko zerbait badago beheko mailen berri ematea». Nazioarteko futbolari ere leku berezia gordetzen dio webguneak.

Euskalmamia.com-ek bide bat ireki dezake kirolari eskainitako euskarazko webguneetan. «Polita litzateke beste kiroletan ere halakoak sortzea. Erdaraz asko daude, baina euskaraz apenas», dio Manterolak. «Merezi du ahaleginak. Eta ahalegina egitea denoi dagokigu: eliteko klubei, erakundeei eta kirol zaleoi».

Futbolmamia aldizkariak baditu profilak Facebooken eta Twitterren, eta horietan irakurleek iruzkinak egin ditzazkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.