Georgiako hainbat egunkarik hutsune beltzak argitaratu zituzten atzo, argazkien tokian, hiru argazkilari atxilotuta dituztelako, Errusiaren alde espioi lanetan aritzea leporatuta. Kaukasoko herrialdeko prentsa elkarteak dei egin zion atzo nazioarteari, Tbilisiko gobernua estu hartu eta atxiloturikoak aska ditzan.
Protesta hitza georgieraz. Hori baizik ez zuten agertzen egunkarietako koadro beltzok. Uztailaren 7an atxilotu zituzten Irakli Guedenidze, Zurab Kurzikidze eta Giorgi Abdaladze. Lehena Georgiako presidentearen argazkilari pertsonala da; bigarrena EPA agentziako langilea da; azkenak Atzerri Ministerioarentzat egin zuen lan. Postu horietaz baliatuta, herrialdearen sekretuen inguruko argazkiak egin eta Moskuri saldu izana egotzi diete. Giza eskubideen aldeko erakundeek gardentasunik eza egotzi diote Barne ministerioari. Georgiatik kanpo ere protestak egin zituzten atzo atxiloketen aurka, besteak beste Ukrainako hiriburu Kieven.
Errusiak eta Georgiak harreman diplomatikoak hautsi zituzten 2008. urtean, Hego Osetiak independentzia deklaratu ondoren.
Komunikazioa
Georgiako prentsa, beltzez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu