Euskadi Irratiaren kasuan bezala, aurreko programazioari eutsiko dio Radio Euskadik udazkenak ekarriko duen deboraldian. Halere, berrikuntzak badira, eta horien artean nabarmentzekoa da gizarte gaiek hartuko dituztela gaztelerazko irratiaren eguerdiak. Horrez gain, estilo latinoko musikaren historia erakutsiko digu Roberto Mosok larunbatetan, Aquí Macondo saioaren bitartez.
Entzule datuak ontzat emanik, aurreko programazioari eustea erabaki du Radio Euskadik. Dani Alvarezek jarraituko du Boulevard saioa gidatzen, 06:00etatik 12:00etara. Juan Carlos de Rojok Graffiti aurkeztuko du arratsaldean, eta Xabier Garcia Ramsdenek Ganbara saioa gidatuko du gauean.
Astegunetako gizonezkoen monopolio hori hautsiko du Iratxe Celisek eguerdiro, Somos Cómplices saioarekin. Goizaldean entzun dugu orain arte Celisen ahotsa, La noche despierta saioan, baina Javi Dominguezek hartuko du orain haren lekua. Programazio berriarekin, gizarte gaiak jorratuko ditu Celisek eguerdian, «guztiok hunkizen gaituzten gaiak», ETBk adierazi duenez, «eragiten dituzten poz eta atsekabeak ere islatuz».
Asteburu latinoak
Almudena Cachok jarraituko du asteburuetan Más que palabras goizeko saioa aurkezten. La Mecánica del Caracol, Tómate algo, Konekta 2.0, Consumidores eta La Galería saioek airean jarraitzeko beste aukera izango dute hurrengo hilabeteetan. Hainbat aldaketa egongo dira, halere, ordutegian. Esaterako, kontsumoaren inguruko saioa igandeetan emango dute, 13:00etatik aurrera.
Roberto Mosoren Aquí Macondo saioa izango da larunbatetako berrikuntzetako bat. Musika latinoari eskainiko dio saioa. Salsaz, cumbiaz, vallenatoz eta rantxerezbeteko du airea Radio Euskadik 16:00etatik 17:00etara, baina kantugile-abeslarientzako lekua ere izango du. Klasikoa, berriz, Ma Non Troppo saioan zabalduko dute, igandeetan.
Euskarazko eta gaztelerazko literatura jorratuko du Pompas de papel saioak. Denboraldi honetan, gainera, 25 urte beteko ditu. Hori ospatzeko, estrainekoz, saioa egun argiz ematen hasiko dira, 15:00etatik aurrera, ordubetez, larunbatetan. Halere, astelehen goizaldean aireratzen jarraituko dute, azken boladan bezala.
Komunikazioa
Gizarte gaiak Iratxe Celisekin, Radio Euskadiren eguerdietarako
Euskadi Irratiak bezala, aurreko denboraldiko programazioari eutsiko dio gaztelerazko kateak, emaitzak oniritzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu