Komunikazioa

Guardia Zibilak zigilatu egin du ETB hartzeko hedagailua

EAko militanteek Erreniegan jarritako hedagailuaren bidez jada ezin da ETB ikusi Iruñerrian LTD bidez

Erreniegan jarritako hedagailua zigilatu zuten atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Azken bi hilabeteetan, ETB lurreko telebista digitalaren bidez ikusi da Iruñerrian, EAko militante batzuek Erreniegan jarritako hedagailuari esker. Atzotik, ordea, ETB ezin da ikusi, Guardia Zibilak zigilatu egin baitu.

Urtarrilaren hasieran, Nafarroako EAko ordezkariek jakinarazi zuten 11.776 euroko kostua izan zuela Erreniegako hedagailuak. Eta lurralde osoan antzeko hedagailuak jartzeko kostu osoa 40.000 euro inguru litzatekeela. Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari «gezurretan ibiltzea» eta «polemika artifizialak sortzea» leporatu zien Maiorga Ramirezek.

Baina hedagailua jarri eta beherala, Nafarroako Gobernuak «pirata eta legez kanpokotzat» jo zuen EAren ekinaldia. Juan Luis Sanchez de Muniainek Espainiako Industria Ministerioari eskatu zion «lehenbailehen legea betetzeko». Handik aste gutxira, otsailaren 9an, Carmen Alba Orduna Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak zigor espedientea zabaldu zuen Erreniegan hedagailua jarri zutenen kontra, hedagailua baimenik gabe ipini zutela argudiatuta.

EAk, berriz, hau erantzun zuen: «Barregarrikeria da PPk, UPNk eskatuta, EAk egindakoaren aurkako zigor espedientea abian jartzea, EAk egindakoakETB1en moduko euskarazko kateak sintonizatzeko aukera baino ez baitie ematen nafar herritarrei».

Zigor espedientea zabaltzearen ostean, azken pausoa Guardia Zibilak eman du, Espainiako Gobernuak aginduta Erreniegako hedagailua zigilatuz.

Luze doa ETB LTD bitartez Nafarroan jasotzeko afera. 2009. urteko uztailean, ETB1 eta ETB2 LTD bidez ikusi ahal izatea hitzartu zuten Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Nafarroako Gobernuko orduko lehendakari Miguel Sanzek protokolo baten bidez. Bi urte eta zortzi hilabete geroago, ETBko bi kate horiek seinale analogiko bidez baino ez dituzte ikusi nafarrek. Eta ETB3 euskarazko katea ikusteko modurik ez dute. Laster, ekainaren 30ean, seinale analogikoaren bitartez ere ezingo dira Nafarroan ikusi ETB1 eta ETB2.

Kostu ekonomiko osoa milioi bat euro dela argudiatuta, Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzak ordaintzea nahi izan du. EAko ordezkariek hedagailuen kostua 40.000 euro litzatekeela azaldu dutenean, ordea, UPN eta PSNren gobernuak ETB ikusteko hedagailuaren aurka jo du.

Joan den astean, Alberto Surio EITBko zuzendariak iradoki zuen Canal4 itxita lizentzien berreskuratze prozesu bat egon daitekeela, ETB LTD bidez hartzea ekar dezakeena. Baina Nafarroako Gobernuko ordezkariek esan dute Canal4ko lizentziak kate komertzialentzat direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.