Irisgarritasuna ez da gai berria Zibergelan, aurreko ale batean webgune eta aplikazioen inguruko irisgarritasunari buruz mintzatu gara, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/10/15/irisgarritasuna-interneten-eta-teknologia-berrietan/. Baina, kasu honetan, hardware irisgarritasunari dagokio txanda.
Ordenagailuaren hardwareaz mintzatzerakoan, hauek dira elementu nagusiak: PUZ (Prozesu Unitate Zentrala), hau da, ordenagailuaren kutxa nagusia eta honek dituen botoiak edo informazioa jasotzeko elementuak, argiak, soinuak; eta periferikoak, hau da, ordenagailua eta erabiltzailearen artean informazioa elkartrukatzeko elementuak: teklatua, sagua, monitorea, inprimagailua. Hala, bada, elementu hauen diseinua erabilerraztasunari bideratuta egon behar da.
Mugak softwarearen bitartez gaindituz
Hala, bada, elbarritasun mailaren arabera, erabiltzaileek arazoak izan ditzakete aipatutako hardware elementu batzuk erabiltzeko: kutxa nagusiaren botoiak eta gailuetako hainbat elementu, alegia. Erabiltzaileak, beraz, zailtasunak izan ditzake ordenagailua edo inprimagailua pizteko eta itzaltzeko, edo CD-ROMa eta DVDa egotzi ahal izateko, besteak beste.
Arazo horiei aurre egiteko, sistema eragileek eta aplikazioek softwarearen bitartezko irtenbideak eskaintzen dituzte, ordenagailua itzaltzea edo CD-ROMa egoztea, adibidez. Horrenbestez, ekintza hauek era ezberdinez egin daitezke, ahotsaren bitartez, adibidez.
Hardware irisgarria diseinatzeko irizpideak
Hardware irisgarria diseinatzeko irizpide batzuei jarraitzea gomendagarria da. Esate baterako, komenigarria da gailuak pizteko eta itzaltzeko botoiak aurrean egotea gailu guztietan. Botoi horiek ez dira txikiegiak izan behar, eta nahiko banatuta egon behar dira bata bestearengandik. Gainera, botoiei era egoki batean sakatu zaiela ohartarazteko, soinu-jakinarazpen batekin erantzutea gomendatzen da. Honetaz gain, botoi eta konektore bakoitzak bere funtzionalitatea adierazten duen etiketa eduki beharko luke.
Testu hori kontraste nahikoarekin idatzi beharko litzateke eta erabiltzaile itsuentzat braille etiketak ere erabili beharko lirateke. Braille etiketa horiek jadanik tramankulu askotan erabiltzen dira, igogailuetan, esate baterako; baina oraindik, ez da erraza ikustea ordenagailuen eta periferikoen botoietan eta konektoreetan.
Irisgarritasunerako gailu bereziak
Irisgarritasunerako hainbat periferiko aurki daitezke. Periferiko horiek mugaren bat duten pertsonei ordenagailua eta teknologia erabiltzen laguntzen diete, hain zuzen.
Adibiderik ezagunenetarikoa, agian, Braille teklatua da. Teklatu horiek Braille sistema erabilita karaktere guztiak idaztea ahalbidetzen dute. Ohiko teklatuak bezala konektatu daitezke ordenagailura, PS/2 edo USB atakak erabiliz, alegia, batzuk ere bluetooth-en bitartez ere konektatu ahal dira. Orokorrean oso teklatu sinpleak dira, 6 edo 8 tekla nagusi dituzte, eta tekla gutxien konbinazioarekin karaktere guztiak idatzi ahal dira modu azkar batean.
Kasu larrienetan, headpointer edo buru-erakusleak eta kommutagailuak erabil daitezke. Buru-erakusleen bitartez, eta pantailaren bitartez, ordenagailuarekin komunikatu daiteke erabiltzailea, burua soilik erabilita. Garuneko paralisia duten edo eskuak mugitu ezin dituzten erabiltzaileentzat zuzenduta daude gailu horiek. Kommutagailuek eragiketak egiteko balio dute eta mota askotakoak daude. Eragiketak botoi gutxiren bitartez, ukimen presioaren bitartez edo ahoa erabilita, putz eginez, burutu ahal dira.
Hauetaz aparte, web-kamera bereziak ere badaude, moldatutako web-kamera horiek eragiketa bihurtzen dituzte buruaren mugimenduak edo begien mugimenduak. Teklatuei dagokienez ere aniztasun handia dago, esku bakar batekin erabiltzeko teklatuak daude, tekla handiekin eta koloredunekin, tekla-lasterbideak errazten dituzten teklatuak (Ktrl + Alt + Supr, adibidez), eta abar.
Zibergela
Hardware irisgarritasuna
Muga fisikoren bat duten erabiltzaileek hainbat irtenbide aurkituko dituzte; haiek ere, mugak muga, teknologia eta ordenagailua erabili ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu