Geu elkarteak Hirinet.net egitasmo komunikatibo berria sortu du. Gasteiztik eta Gasteizerako, sareko hedabide euskaldun eta euskaltzalea izango da, eta Gasteizko euskaldunek sarean duten topagunea izatea du helburu. Informazio eta entretenimendu iturri moduan erabil dezaten, bide batez.
Geu elkartea 1992. urtean sortu zen, izen bereko aldizkariarekin batera. Baina 2009. urteko abenduan aldizkariak agur esan behar izan zuen. «Ordutik hankamotz sentitzen genuen euskara gure hirian», dio Eñaut Iraeta Geu elkarteko koordinatzaileak. «Hedabideei dagokienez, egin den hausnarketa nagusia hau izan da: Araban eta Gasteizen gabezia nabarmena dagoela tokian tokiko hedabide euskaldun eta euskaltzaleei dagokienez. Horregatik, behar horri erantzuteko, eta aurretik ere erronka hori bere gain izan duelako, Geu elkarteak erabaki zuen azterketa bat egitea egitasmo komunikatibo oso bat martxan jartzeko». Azterketa horren emaitza da Hirinet atari multimedia digital berria. Etorkizunean papereko edizioan kaleratzeko asmoa ere badute.
Hainbat finantzaketa iturri izango ditu proiektuak: elkartearen ekarpena; finantzaketa publikoa, zenbait erakunderen diru laguntzen bitartez; eta finantzaketa pribatua. Azken horren barruan euskalgintzako hainbat eragilek beren ekarpena egingo diote proiektuari.
Multimedia aroan murgildua
Hirineten oinarriak informazioa, gaurkotasuna eta entretenimendua dira. «Eta guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da, guztion artean eraikiko dugu Hirinet. «Gaurkotasuna eta gertutasuna ere webgune berriaren ezaugarriak izango dira», adierazi du Hirineteko kazetari Saioa Fernandez de Arangizek. «Mota askotako edukiak eskainiko zaizkio erabiltzaileari, hala nola denbora-pasak, txoroskopoak, umorea, errezetak eta bertsoak». Horrez gain, Hirinetek Gasteizen zein Araban antolatzen diren euskarazko ekintza guztien berri emango du Euskararen Agendaren bitartez. Multimedia atalean, gainera, albisteei lotutako zein aisialdirako eta entretenimendurako bideoak, audioak eta argazkiak ikusgai eta entzungai egongo dira. Atariko kazetariak adierazi duenez, herritarren iritzia ez da faltako: «Hirinetek aukera emango du nahi duenak bere iritzia eman dezan. Izan daiteke dagoeneko sarean dauden iritzi blogen bidez edo gure kolaboratzaile sareko kideek espresuki sorturiko iritzi artikuluen bidez». Kolaboratzaileen artean zientzia eta teknologian adituak, soziolinguistak, kazetariak, bertsolariak, idazleak eta Gasteizko euskaltzaleak egongo dira.
Parte hartzeko bide bakarra ez dira blogak eta iritzi artikuluak izango. «Animatzen denak bere zorion agurrak, argazkiak, marrazkiak eta gutunak bidal ditzake eta gustura argitaratuko ditugu», gaineratu du Fernandez de Arangizek.
Sare sozialetan ere izango du presentzia Hirinetek: Facebooken, Twitterren eta Tuentin. «Funtsezkoa iruditzen zaigu tresna horiek erabiltzea gure erabiltzaileengandik gertu egoteko eta atariaren aldaketa guztien berri emateko».
Arabako hiriburuan euskaraz dakiten pertsonen kopurua goraka doa, nahiz eta hizkuntzaren erabileran horrenbeste ez nabarmendu. Geu elkartearen ustez, gazteek dute garrantzi berezia arlo horretan. «Euskalgintzak jakin beharko luke publiko potentzial horrengana iristen eta euskarazko produktuak kontsumitzeko orduan dagoen ohitura eta joera falta aldatzen. Hori da Hirineten erronketariko bat: gazteak euskarazko hedabideetara hurbiltzea», esan du Eñaut Iraetak.
Komunikazioa
'Hirinet.net' gasteiztar euskaldunen atari berria jarri du martxan Geuk
Informazioa, entretenimendua eta parte hartzea dira hedabide berriaren ezaugarri nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu