Hitzaren lagunen festa

Maite Goñiren 'Gaurko hitza' blogak hirugarren urteurrena ospatu du, euskal artistaz lagunduta

Maite Goñik euskal artisten artean ospatu zuen Gaurko hitza-ren urtemuga. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hitza ardatz gisa hartu, eta ikuspuntu askotatik jorratu. Halaxe egin zuten atzo iluntzean Donostiako Doka kafe antzokian bildu zirenek. Urteurren berezia zuten ospatzeko: Gaurko hitza blogaren hirugarrena. Maite Goñi blogaren egilearekin batera hainbat alorretako euskal artistak izan ziren. Besteak beste, Alaia eta Jon Martin, Xabier Euzkitze eta Harkaitz Cano.

Egunero hitz bat aukeratu, eta hitz horren definizioa blogean idatzi. Hitz bat egun bakoitzeko. Hori da, hain zuzen ere, Maite Goñi euskara irakaslearen Gaurko hitza blogaren funtsa.

Iaz, bigarren urteurrena ospatzeko hitz bat aukeratu, bideo bat atondu, eta YouTuben jartzeko eskatu zien Goñik jarraitzaileei. Arrakastatsua izan zen Goñiren eskaera, orotara 84 bideo eta hitz jarri baitzituzten sarean. Bideo horiek ikusgai daude Gaurko hitza-n.

Aurten, eskatu ordez eman egin nahi izan du Goñik, eta blogeko lagunei hitzaren topaketa bat eskaini die.

Eguneroko jardunean hitza lantresna moduan erabiltzen duten euskal artistak egon ziren Maite Goñiren hitzaren topaketan.

Jon eta Alaia Martin anai-arrebek eman zioten hasiera ekitaldiari, ongietorriko hiruna bertsorekin.

Igor Calzadaren txanda iritsi zen orduan, eta abesti bat eskaini zion hitzari.

Iban del Campo zinemagileak eta Imanol Murua Uria kazetariak bideo bana eskaini zuten. Muruak eztanda hitzari buruzko gogoeta egin zuen.

Arte grafikoaren alorrak ez zuen hutsik egin, eta Patxi Huarte Zaldieroak bat-batean sortutako biñeta erakutsi zuen.

Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetariak ere bere ekarpena egin zion hiztegi blogaren urtemugaren ospakizunari.

Harkaitz Cano idazleak versus hitzaren inguruko testu bat irakurri zuen. Haritz Rodriguezen Transistoria ekoiztetxeak, berriz,Bizitza hitza ardatz hartu, eta bideo bat osatu zuen.

Anari Alberdik Harriak kantarekin itxi zuen hitzen lagunen festa. Koldo Martinez arduratu zen aurkezpen lanez.

Maite Goñiren hiztegi pertsonala da bloga, egunez egun hazten doana. Jada, milatik gora hitz jasotzen ditu.

Euskara irakaslea da Goñi Ordiziako Jakintza ikastolan (Gipuzkoa), eta hasiera batean ikasleei begira sortu zuen bloga.

«Euskal hizkuntza sarean hedatzearekin betidanik izan dut kezka», azaldu du Goñik. Orain zazpi urte Euskaljakintza bloga sortu zuen ikasleekin euskara lantzeko asmoz.

Beste hizkuntzetako adibideei erreparatuz ikusi zuen besteetan nola lantzen zuten eguneroko hitza. «Euskarara ekartzeko ideia polita iruditu zitzaidan».

Ikasleez gain, gero eta jende gehiago hasi zen orduan Gaurko hitza jarraitzen. «Ekimena barruko ekintza gisa sortu zen, baina sarean ez dago barruko ezer».

Hasieran soilik ikasleei begira sortu bazuen ere bloga, «eskuetatik ihes» egin ziola aitortu du.

Gaurko hitza-ren hedapena handia da. Sare sozialei lotua dago bloga, eta horrek bidea egin dio sarean zabaltzeari.

Blogaren izaera parte hartzailea da, etajarraitzaileek hitzak proposatu eta definizioak idazteko aukera dute. «Gero eta jende gehiago animatzen ari da, gainera».

Goñiren hiztegian agertu ohi diren hitzak ez dira hitz arruntak izaten. «Euskaldunok ez dakizkigun hitzak sartzea izaten dut gustuko». Ez da soilik euskara ikasten ari direnentzako bloga, nahiz eta horientzako ere lagungarria izan daitekeen oso. «Eremu guztira zabaltzea da nire asmoa». Izan ere, euskaldun berriek soilik ez, euskaldun zahar askok osa dezakete euren hiztegiaGaurko hitza-ri esker.

Abaraxka, botitu, troinu, piru, tupiki... Euskarak egunero eskain dezake ikasteko hitz berri bat, arrotza askorentzat.

Askotan egoeraren arabera aukeratzen ditu Goñik hitzak. Iparraldeko euskalkien hitzak ditu gustuko. «Haientzat arruntak izango dira, baina guretzat berezi xamarrak dira».

Blogak, hitzak ez ezik, horiekin zer ikusia duten irudiak, bideoak eta abestiak eskaintzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.