Sareak eta teknologia berriekkultura kontsumitzeko modua aldatu dute. Javier Zelaia (Bilbo, 1963) Dosdoce.com atariaren sortzailea da, eta teknologia eta kulturaren harremanen arteko azken joerak aztertzen ditu. Donostian izango da gaur, eta Lectura compartida en pantallas (Irakurketa partekatua pantailetan) hitzaldia emango du San Jeronimo liburutegian, 19:30ean.
Zer esan nahi du irakurketa partekatua kontzeptuak?
Orain arte, irakurketa ekintza bakartia izan da. Etxean, lasai-lasai, edo autobusean, lanerako bidean, irakurtzen du jendeak normalean. Liburuak digitalizatu eta hodeia deituriko Interneteko zerbitzari batzuetan jartzen dira. Horrela, nik beste pertsona batekin batera liburu berbera irakurri ahal izango dut, nahiz eta munduko beste puntan egon. Horrek irakurketaren esperientzia partekatzeko bidea emango du. Agian, pertsonaia edo pasarte berbera dugu gustuko, eta sarean esperientzia hori parteka dezakegu, irakurketa ekintza soziala bihurtuz. Kontzeptu berri horrekin jende gehiago irakurketara erakartzea espero dute. AEBetan jada martxan dago sistema hori.
Sareko irakurketa elkarte bat da orduan.
Bai. Facebook antzeko bat da, baina solasaldiak zure liburuaren inguruan izango dira. Zuri eleberrigintza historikoa, amodiozkoa... dena delakoa gustatzen bazaizu, zure gustu bereko jendearekin irakurketaren esperientzia partekatu ahal izango duzu. Liburua gustukoa izan baduzu, liburu hori gustuko izan dutenek ondoren zer irakurri duten galde dezakezu. Batzuetan, ikaragarri atsegin izan duzun liburu bat irakurri, eta horrelako beste liburu bat topatu arte beste bi edo hiru liburu irakurri behar dituzu. Sozializazioko teknologia horiek liburu antzekoak aurkitzen lagunduko du. Zure gustu berak dituenaren esperientziaren arabera, teknologiak beste liburu batzuk gomendatuko ditu. Irakurlearentzat oso baliagarria izango da, informazio adierazgarria jasoko baitu ohiko spam-en ordez.
Liburuen gomendio eta esperientzia partekatzeaz gain, hodeian liburuak partekatu ahal izango al dira?
Mundu analogikoan zuk liburua erostean ondoren edozeini utz diezaiokezu. Ikusten ari garen joeraren arabera, mundu digitalean ere posible izango da hori. Liburu digital bat erosi eta irakurrritakoan, liburu hori edozeini uzteko aukera izango duzu. Mundu analogikoan gertatzen den bezala, liburua norbaiti uztean zuk liburu horren sarbidea galtzen duzu, hark bueltatzen dizun arte. Abantaila begi bistakoa da. Zenbat aldiz utzi diozu norbaiti liburu bat eta denbora bat igarota liburu horren arrastoa galdu? Hodeian, beti dakizu nori utzi diozun, eta liburua eska dezakezu.
Sistema horrek ez al du pirateria erraztuko?
Pirateria ongi zaindu ez den eskaera da. Kultur edukiak deskargatzeko grina duen horrenbeste jende badago, interesa dagoelako dago. Pirateriaren aurka ez da legeekin borrokatzen, prezio lehiakorretan salgai jarritako eduki eskaintza zabal batekin baizik. Erabiltzaileak ikusten duenean bidezko prezio baten truke bertsio piratak ematen ez duena jaso dezakeela, orduan desagertuko da pirateria. Teknologiak eman dio bidea pirateriari, eta teknologia berak itxiko dio bidea. Hodeia bide eraginkorra da horretarako.
Zer-nolako parte hartzea izaten ari da hodeia AEBetan?
Hasieran, proiektu guztietan bezala, parte hartzea txikia da. Musika eta zinema alorrean arrakasta eduki dute gisa horretako plataformek, eta etorkizunean, denak modelo horretarantz mugituko gara. Jabetzaren kontzeptua aldatzen ari da. Orain arte liburu edo disko baten jabe zinen. Aurrerantzean ez zara kulturaren jabe izango, alokatu edo denbora jakin batez erabiliko duzu. Dena hodeian egongo da, eta zuk edukietara sarbidea izango duzu.
Erabiltzaileen datuen babesa oso kontuan hartu beharko dituzte.
Bai, argi dago hau dela jarraitu beharreko eredua, baina ez ditugu galdu behar herritar gisa dagozkigun eskubideak. Publizitatearen bitartez, hodeira sarbidea doan ematen duten ereduetan, nire ustez, oso prezio garestia ordaintzen ari da erabiltzailea. Mundu analogikoan taberna batean ardo bat oparitzeagatik ez zenituzke zure kontsumo eta gustuei buruzko datuak emango. Herritarrak jakin behar du eredu horietan zer datu biltzen diren eta zertarako erabiltzen diren, ondoren erabakitzeko parte hartu nahi duen ala ez. Gurearekiko bi-hiru urteko aurrerapena daramaten merkatuetan —AEB eta Erresuma Batua— erabiltzailea gero eta jakitunago bilakatzen ari da datuen babesarekin, eta eskubide gehiago aldarrikatzen ditu.
Noiz ikusiko dugu plataforma hori gurean?
Hurrengo urtetik aurrera hasiko gara ikusten. Amazonek silk eredua martxan jarri du jada. Apple-ek ere hodeian jarriko du plataforma. Sareko zerbitzu gehiago ikusten hasiko gara, ordainduta eta publizitaterik gabe.
Argi dago teknologia berriek bultzatutako joera digitalizaziorantz daramala sektorea. Aro berri horren zein unetan gaude?
Hasierako susmo txar, beldur eta ukazioaren fasea jada gainditu dugu. Oso gizatiarra da: urte mordoa daramatzazu modu batean lan egiten—kazetariei ere berdin gertatu zaie—, eta bat-batean gizartearen ohiturak bortizki aldatzen dira. Bigarren fase batean gaude orain. Sektorea konturatu da jendeak gero eta gehiago irakurtzen duela pantailetan, eta egitasmo berri ugari sortzen ari dira.
Teknologia berriekin jaio ez diren belaunaldiei ez al zaie asko kostako ohiturak aldatzea?
Halaxe pentsatzen zuten gu baino pauso bat aurrerago dauden merkatuetan, baina erantzuna bestelakoa izan da. AEBetan eginiko ikerketa baten arabera, irakurle amorratuen —batez beste hilean hiruzpalau liburu irakurtzen dituztenak— %20k aldatu dute papera euskarri berriengatik. Hurrengo urteetan ehunekoa handiagoa izango dela uste dute.
Zer dela eta gertatu da hori?
Zaila da pertsonen ohiturak aldatzea; beti toki beretik joaten gara lanera, toki berean hartzen dugu kafea... Asko irakurtzen duten pertsonak konturatu dira tresna berri horiek irakurketaren esperientzia hobetu egiten dutela, balio erantsia ematen diola irakurketari. Ez bakarrik lehen aipatutako sozializazio edo liburu bilaketa zerbitzuengatik. Tresna berriek letra tamaina handitu, azpimarratu, oharrak idatzi eta irakurketa pertsonalizatzeko aukera ematen dute. Gainera, euskarri berrien zein edukien prezioa asko merkatu da.
Digitalizazioarekin argitaletxea eta irakurlearen harremana estutzen bada, zer etorkizun aurreikusten diezu betiko liburu denda txikiei?
Liburu saltzaileak dira gehien sufrituko dutenak. Mundu analogikoan balio erantsia ematen dieten bitartekariak dira. Nire ustez, saltoki handietako liburu denda handiak, liburuak saldu beste ekarpenik egiten ez dutenak, desagertu egingo dira. Auzo txikietako liburu denda espezializatuak, ordea, sektorearen nondik norakoak ongi baino hobeto ezagutzen dituzte, eta digitalizazioak on egingo die. Lehen eskuratu ezin zituen liburuak lortu ahalko dizkie bezeroei, digitalizazioak leku gehiagotara ailegatzeko bidea emango baitie.
Nola lagundu dezakete teknologia berri horiek irakurketa sustatzen?
Orain arte irakurketa testu oso laua zen. Istorioan sartzeko esfortzua egin behar da. Multimediairakurketan, testuari argazkia, bideoa, soinua eta beste elementuak gehitu dakizkioke, erakargarriago bilakatuz. Ez dakit horri liburua deitu dakioken, baina ateak zabalduko dizkio aspergarritzat jotzen den irakurketari.
Javier Zelaia. Teknologia eta kultura joeretan aditua
«Irakurketak ekintza bakartia izateari utziko dio laster»
Digitalizazioak gogor astindu du liburuaren industria. Teknologia berriek sektorean ekarri dituzten joeren berri emango du gaur Donostian Javier Zelaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu