1991. urtean hasi zen irratigintzan Javier Casal (Marin, Galizia, 1973). Radio Pontevedran lan egin ostean, 1997an SEReko Madrilgo egoitzara pasa zuten. Zortzi urtez asteburuetako albistegietako buru izan zen. Egun, irratiko webgunearen arduraduna da.
Zer ezaugarri ditu irratiko kontaketa informatiboak Interneteko aroan?
Irratiko kontaketa asko aldatu da azkeneko bost urteetan. Iraultza teknologiko baten erdian gaudela aintzat hartu behar da. Irrati hizkera klasikoa ahotsaz, musikaz eta isiltasunaz oinarritua egon da. Orain, hizkuntz multimedia sartu da erdian, testu, irudi, bideo eta grafikoekin. Lehen, bi erredakzio zeuden irratietan: irrati hizkeraz arduratzen zena eta webgunea hornitzen zuena. Hori amaitzera doa, eta erredakzio bakarrak ari dira zabaltzen. Horietan kazetariek irrati hizkera eta hizkera multimedia maneiatzen dituzte. Beste eremu batzuetan murgiltzeko aukera ematen du; esaterako, sakelakoetan.
Aipatu duzun testuinguru horretan zer erabaki ari zarete hartzen SER katean?
Aurrenekoa erredakzioaren intregrazio analogiko-digitala izan da. Erredaktoreek multi-plataforma izan behar dute, eta gaitasuna izan edukiak irratirako eta webgunerako sortzeko. Horrez gain, edizio mahaiaren antolaketa berria dago. Mahai horretan erabakitzen da zer kanaletan joan behar duen informazio bakoitzak. Parte bat irrati analogikoarena da; bestea, berriz, digitala da, eta aukera gehiago eskaintzen ditu.
SER da entzule gehien duen irratia Hego Euskal Herrian eta Espainian.Interneten ere liderrak izatea erronka izango da zuentzat, ezta?
Interneteko neurketak ezberdinak dira. Beste irrati batzuekin ez baizik gainontzeko komunikabide guztiekin agertzen gara neurketan. Hor gure txokoa aurkitzen saiatzen ari gara. Horrez gain, bereizgarritasun bat aurkitzean datza gakoa. Prentsa irratia baino lehenago egokitu da aro digitalera. Telebistak ere pilak jarri behar izan ditu, Interneteko deskargak direla eta. Irratiak testuinguru horretan hobeto eutsi dio bereari. Baina beste komunikabideek lortu duten berehalakotasunagatik neurri batean horren nagusitasuna galdu du. Horregatik, garrantzitsua da irratiarentzat berehalakotasunaren eremua berriro bereganatzea, teknologia berrien laguntzarekin.
Iruditzen zaizu entzuleak pixkanaka ohitzen ari direla irratia Internet bidez entzutera?
Prozesua mantsoa dela esan dezakegu, baina ez uste bezain mantsoa. Gauza batzuk nahiko bizkor ari dira gertatzen. Internet bidezko irrati kontsumoaren hazkuntza portzentualki handia da. Gero eta jende gehiagok ditu sakelako telefono inteligenteak, eta horien bitartez entzuten dute irratia. Egia esan, berdin dio irratia transistore baten bidez, musika kate baten bitartez ala telefono baten bidez entzutea. Inporta duena irratia entzutea da. Horrez gain, telefono berri hauetan ohiko irrati emisioaz gain kateen irudiak ikus daitezke.
SER katean zer garrantzia ematen diezue sare sozialei?
SER.com indartzeko hartu genituen aurreneko erabakietako bat izan zen sare sozialen atal bat sortzea. Fenomenoa asko hazten ari da, eta jabetzen ginen gure markak hor egon behar zuela. Eta gure markak ezin du egon automobilen enpresa baten moduan, komunikabide gisa baizik. SEReko kazetariek hor egon behar dute. Eta interesatzen zaigu jakitea zer esaten den Twitterren eta Facebooken; batetik, komentatzeko emisio analogikoan, eta, bestetik, webgunera eramateko. Azken horretan eztabaida sor daiteke. Izan ere, sor daitekeen eztabaida guretzat albiste da.
Irratiko kazetari batek nola erabili beharko lituzke sare sozialak?
Zaila da norbaiti esatea sare sozialak nola erabili behar dituen. Baina SEReko kazetari batek idazten dituen mezuetan kontuan izan behar du zer komunikabidetan egiten duen lan. Horrez gain, ondo legoke kazetarientzat estilo liburu moduko bat egotea jakiteko une oro zer egin behar duten. Soslai pertsonal hori marka bati lotua dagoela jakin behar du kazetariak. Kazetariak konturatu behar du Interneteko leku publikoetan zer adierazpen egin ditzakeen eta zeintzuk ez, batzuetan lan egiten duen komunikabideari kalte egin baitiezaioke.
Komunikazioa. Javier Casal. 'SER.com'-eko editoreburua
«Irratietako erredaktoreek multi-plataforma izan behar dute»
Berriki Donostian izan da Casal, EHUk gonbidatuta; 'Irrati kazetaritza inguru digitalean' udako ikastaroan parte hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu