Komunikazioa

Irudi berrituarekin itzuli da Hamaika telebistara 'Bat eta Bat' magazina

Datorren astean hasiko dute denboraldia 'Harrobia', 'Hamaikakoa' eta 'Esatea libre' saioek

Iker Zabala Bat eta Bat saioko aurkezlea, atzean dekoratu berria duela. HAMAIKA TELEBISTA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Iker Zabalak gidaturik, irudi berritua eta atal berriak estreinatu zituen atzo Hamaika telebistako Bat eta Bat magazinak. Ohi bezala, 20:45etik aurrera, eguneko gaur-gaurko gaien berri ematen hasiko dute saioa. Albistegian, Euskal Herrian goizean gertatutakoa kontatuko dute, eta hainbat kazetari kolaboratzailerekin albiste garrantzitsuenak komentatuko dituzte. Egunero kulturari leihoa zabalduko diote, eta platoa Euskal Herriko sortzaileen txoko bihurtuko dute; idazle, musikari, aktore zein liburu, disko eta arte eszenikoetako nobedadeei eskainiko diote tarte hori. «Gurean egiten diren hamaika jaialdi eta ekimen ere izango ditugu hizpide», azaldu du Hamaikak. Kolaboratzaile sare zabala dute saioan, eta egunero gai bat hartuta zenbait elkarte izango dira magazinean. Astelehenean, «beste kirolak» izango dira protagonista: pilota, arrauna, mendia, saskibaloia eta eskola kirola. Asteartean, euskara, euskal munduko eragileak eta elkarteak izango dira protagonista. Asteazkenean, Euskal Herriko herri aldizkarien txokoa zabalduko dute. Ostegunean, emakumea, immigrazioa eta nazioartearen txanda izango da. Bat eta Bat magazina amaitzeko, gauero gaurkotasun politikoko protagonisten elkarrizketak emango dituzte.

Bat eta Bat itzuli da jada. Datorren astean, berriz, beste hainbat saio itzuliko dira Hamaikara. Astelehenean, Athleticen inguruko informazioa eta iritziak eramango ditu Zihara Aranbarrik Harrobia-ra. Inaxio Esnaolak, berriz, Gipuzkoa osora zabalduko du Hamaikakoa saioa. Realaz gain, Bigarren B Mailako taldeen berriak emango dituzte. Eta ez dira mutilen futbolaz bakarrik arituko, neskena ere landuko dute.

Itsaso Martin Iturriren ordez

Esatea libre eztabaida programa hilaren 14an itzuliko da Hamaikara. Naroa Iturriren amatasun baimena dela eta, datozen hilabeteetan Itsaso Martin arituko da haren ordez aurkezle lanetan.

Ostegun honetatik aurrera Berbaz saioa izango da ikusgai Hamaikan. Aurreneko saioan euskal curriculuma, eredu hiru eleduna eta eskola liburuen dohakotasuna gaiez eztabaidatuko dute. Ostiral gauean, Hurbilean elkarrizketa saioa aurkeztuko du Inaxio Esnaolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.