Sormenari ateak ireki eta irudimena erabiliz ongi pasatzeko aukera izango dute etxeko haurrek BERRIAren eskutik. Izan ere, Mantangorri-ren eskulan tailerra lortu ahal izango da bihartik aurrera. Eskulanak egiteko hainbat proposamen biltzen ditu tailerrak, eta 24 fitxaz osatuta dago. Kioskoan BERRIA egunkaria erosi eta 3,5 euro gehiago ordainduta, lau ariketa dituen lehen sorta, eskulanak gordetzeko karpeta eta proposamenak biltzen dituen CDa eskuratu ahal izango dira bihar. Ondoren, larunbate-ro gainerako fitxak erosteko aukera egongo da, abenduaren 10a bitartean. Lau fitxaz osatutako sei sorta dira guztira.
Eskulanen proposamenak Karmele Cruzek egin ditu, eta dotoreak bezain entretenigarriak dira. Haurrek ez dute aspertzeko astirik izango ariketak egiten dituzten bitartean, eta, bide batez, irudimenari hegoak jarriko dizkiote. Fitxa bakoitzean, proposatutako eskulana egiteko beharrezkoak diren azalpenak agertzen dira, urratsez urrats eta modu laburrean; betiere haurraren sormenari mugarik jarri gabe. Gainera, eskulanak egiteko erabiliko den materialaren eta gomendatutako adinaren berri ere ematen dute fitxek.
Hainbat jarduera daude haurraren eskura. Sorta horietako batek, esaterako, forma geometrikoekin esperimentatu eta marrazkiak egitea proposatzen du. Hala, hainbat forma moztu eta haiekin irudiak sor daitezke paperaren gainean itsatsiz. Puzzleak diseinatzeko gonbita egiten da beste sorta batean. Horretarako, zerbait marraztu eta laukitxoetan moztu behar da. Zenbat eta zati txikiagotan ebaki, orduan eta zailagoa izango da gero puzzlea osatzea. Horretaz gain, paperean marraztuta dauden objektuekin irudiak sortuz ere erakutsi ahal izango dute haurrek euren trebetasuna. Marraztuta dauden guraizeak gizon baten betaurrekoak izan daitezke, esaterako. Orrazia, ileko goma edota botoiak erabiliz zer irudika daitekeen pentsatu beharko dute umeek, horrenbestez. Diseinatzaileen lanean ere jarriko dira, eta arropak asmatzeko parada izango dute.
Zailena inspirazioa iristea izaten denez, orri zuriak hasieran ematen duen beldurra albo batera uzteko eta behin lanean hasita ariketak berriz egiteko pentsatuta daude. Nahi adina aldiz inprima daitezke eta nahi bezainbeste kopia egin, CD batean jasota baitaude guztiak. Euskadiko Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortu da eskulan tailerra, eta Ttartalo argitaletxeak argitaratu du.
Irudimena hegan
'Mantangorri'-ren eskulan tailerra eskuratzeko aukera dago bihartik aurrera, larunbatero, BERRIA egunkariarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu