Daniel Robles Txankarra eta Manu Zatika Baserri. Lekeitioko (Bizkaia) arrantzale erretiratuak dira. ETB1ek bihar estreinatuko duen Baserri eta Txankarra saioko protagonistak. Reality kutsuko saioa da: bi itsasgizonak ezohiko egoeratan jarri dituzte, erakusteko asmoz betiko girotik aterata ere naturaltasunak beti irabazten duela. Baserrik 68 urte ditu, eta bizitza osoa eman du itsasoan lanean. Jenio biziko pertsona da. Txankarrak 67 urte ditu, eta Baserriren txikitako adiskidea da. Lasaiagoa da.
Nork esango zizuen bada zuei, azkenean, telebistako izar bihurtuko zinetela?
BASERRI: Izarrak ez gara sekula izan. Baina aukera bat eman digu Euskal Telebistak, eta gu, bada, pozez zoratzen: ondo hartzen gaituzte, eta oso ondo pasatzen dugu.
Lehen ere atera zarete No es país para sosos eta Objetivo Euskadi saioetan. Baina, oraingoan, zuen saio propioa lortu duzue. Nola egin du aurrera azken urteotan ETBrekin izan duzuen harremanak?
TXANKARRA: No es país para sosos horretan lan egin genuen, eta ondo irten zen. Objetivo Euskadi saiokoa ere bai, eta kariño handia hartu genien ETBkoei. Laguntza handia izan dugu, eta harreman zoragarria. Hau prestatu digutenean, guretzat primeran, lagun berriekin.
Baserrik arazoak izan ditu hanketan, arrantzontzian izotz artean lanean ibiltzeagatik. Gogorra izaten ari da saioa grabatzea?
BASERRI: Ez. Belaunak operatuak ditut, baina ez gara egoten denbora luzez tente grabatzen. Atsedena hartzen dugu, eta fenomeno! 14 urterekin hasi nintzen itsasoan. Gero, 40 urte egin genuen elkarrekin arrantzontzian. Lagunak izan gara beti, umetatik, 7 urte genituenetik. Ordurako ibiltzen ginen txalupan kaian, itsasoan moldatzen jakin behar zenuelako 13 urterekin lanean hasteko.
Elkarrekin poteoan ibiltzen zarete ardoa edo txakolina edanez kaia aldean. Soldaduska ere elkarrekin egin zenuten. Inoiz ez zarete elkarrekin borrokan aritu?
TXANKARRA: Borrokarik ez. Haserretu izan gara, baina, hiru orduren bueltan, berriz adiskide. Ostikadaren bat ere eman diogu elkarri noizbait, baina itsasoan, tabernan eta, orain, telebistan, beti lagunak.
Beti itsasoan, baina, orain, lehorrean ere aritu beharko duzue. Argi dago zuek ez duzuela arazorik gauza berriak probatzeko. Zertan jarri zaituztete saioko gidoilariek?
TXANKARRA: Edonora joaten gara: Donostian bi egun pasatu ditugu, eta luxuzko hotel batean jarri gaituzte. Bilbon beste horrenbeste denbora eman dugu, eta BBK Live jaialdiko kontzertuetan egon gara, kanpadendarekin. Arabako Errioxan ere ibili gara, eta maitemindurik gaude hango gauzekin. Orain Gasteizera joango gara, eta han beste gauza batzuk egingo ditugu.
BASERRI: Lagunak egin ditugu herri bakoitzean, eta hori, niretzat, gauza handia da. Hau dibertigarria da, ezer baino lehen. Jende guztia zurekin da: gu dibertitzen gara egiten, ETBkoak dibertitzen dira gurekin, eta saioa ematean ikusleak ere dibertitu egingo dira.
Kostako freskotasuna duzue zuek jendearekin egoten eta haiekiko tratuan. Hori zer duzue, lekeitiarrak izateagatik, edo, bestela, marinel jendea zaretelako?
BASERRI: Jaiotzetik dugu biok izaera natural hau. Baina gure moduko asko egongo dira Lekeition. Beti izan gara aurrera egiteko pertsonak. Horregatik, aukera hau etorri denean, ezin izan diogu ihes egin. Gauzak natural egitea da kontua.
Tabernetan ez dagoenean, Txankarra Joakin koinatuaren arraindegian laguntzen ibiltzen da, arraina garbitzen. Erretiroa hartzea ez al da atsedena hartzeko garaia?
TXANKARRA: Jubilatuta gaude, eta, guztien moduan, zereginak bilatzen ditugu. Gu itsasoan bezain ondo lehorrean, beti ondo.
BASERRI: Guretzat, hau da jubilazioko eginkizuna, eta, gainera, dibertigarria da. Luxua bizi, herritik kanpoko jendea ezagutu, BBK Liveko kontzertuak ikusi, Errioxan ardo ederrak edan. Gure atsedena hauxe da.
Baserri eta Txankarra. Arrantzale ohiak
«Jaiotzetik dugu biok izaera natural hau»
Erretiroa harturiko bi itsasgizon bizi ezohiko egoeratan jarriko ditu ETB1ek bihartik aurrera, igandero 22:00etan. Luxua zer den ezagutuko dute, baina baita rock jaialdi handi batean gazteekin kanpatzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu