Komunikazioa. Hernan Casciari. 'Orsai' aldizkariko zuzendaria

«Jende asko dabil lehen zenbakiaren bila, baina ez da gehiago gelditzen»

«Inor erdian» lelopean, ilustrazio koloretsuz eta iragarkirik gabeko paperezko aldizkari autogestionatu bat sortu du Casciarik.

BERRIA.
urtzi urkizu
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Kazetaritza eta literatura artean jauzika aritu da azkeneko urteetan Hernan Casciari (Buenos Aires, Argentina, 1971). El País-eko blog batean telesailetaz idazten ibili zen 2007tik 2010era. Orain bere proiektuan murgilduta dabil buru belarri.

Zergatik utzi zenuen El País egunkarian zenuen lana?

El País eta beste egunkariak utzi nituen, nire proiektu propioan lan egin ahal izateko. Ez dago besterik.

Zerk bultzatu zintuen Orsai aldizkaria sortzera ?

Aldizkaria haurtzaroko lagun pare batekin egiten ari naiz. Guri asko gustatzen zaigun aldizkaria egiten ari gara. Hau da, publizitaterik gabe, miresten ditugun autoreekin eta edozein lekutara iristen da. Horretarako diru pixka bat biltzen hasi ginen, gerora dirua lasai galdu dezagun.

Zein da aldizkariaren banaketa sistema?

Ez ditugu banan-bana saltzen, baizik hamarnaka. Liburu denda batean edo partikular bati erosteko modua dago, %20ko deskontuarekin. Bestetik, banatzaile inprobisatu horiek arduratzen dira aldizkariak banatzeaz.

Zer moduz funtzionatu du aurreneko zenbakiak?

Oso ondo. Aldizkaria argitaratu aurretik 10.080 ale saldu genituen. Ondoren inprimaketa itxi genuen. Jende asko dabil aurreneko zenbaki horren bila, baina ez da gehiago gelditzen.

Aurreneko zenbakian zuk idatzitako testu batean paperaren usaina nabarmentzen duzu. Paperaren balioa Interneten garaian galtzen ari dela iruditzen al zaizu?

Logika askorekin galtzen da. Automobila agertu zenean zaldi kakaren usaina galdu zen bezala. Orain erregai usaina dago eta ke asko. Aurrerabideak aldaketak ekartzen ditu, eta paperezko aldizkari bat aldaketa horren nostalgia da.

Twitter bidez, irakurle batek honakoa galdetu nahi dizu: Orsai aldizkariaren modeloa imitatu al daiteke? Euskaraz halako produktu bat egin al daiteke?

Ez dakit. Pentsatzen dut Orsai ez dela modelo bat, baizik eta autoargitaralpen plataforma bat sare sozialak erabiltzen dituena. Ikuspuntu hori aintzat hartuta, edonork egin dezakeela pentsatzen dut.

Berriketan.info sare sozialeko erabiltzaile batek honakoa galdetzen dizu: Zenbat diru kosta zaizu proiektua aurrera ateratzea?

Pentsatzen genuena baino diru gutxiago galdu dugu.

Irakurle berak komentatzen du paperean argitaratutako artikulu batzuk jarraipena izan dutela Interneten. Bide horretatik jarraituko duzue?

Bai. Aldizkari osoa Interneten zintzilikatu genuen, PDF formatoan. Paperezko edizioa salgai jarri eta 10 egunetara egin genuen hori. Hemendik aurrera beti egingo dugu horrela. Orsai-ren bertsio bat dago formato guztietarako, http://orsai.es/digital helbidean.

Berriketan.info-ko beste irakurle batek honakoa galdetu nahi dizu: Zenbait adituk blogen heriotzaz hitz egiten dute. Zu blogintzan aritutakoa zara. Blogen munduak egun interesa galdu dutela uste duzu?

Formatoek ez dute berez interesik. Blogek ez zuten inoiz berezko interesik izan. Interesgarriena da haiekin zer egiten den. Gaur egun milaka formato daude arreta deitzeko. Formato horietan dagoen edukia da berez kontuan hartu behar dena.

Aurreneko zenbakian Jose Antonio Perez gidoilari bilbotarrak artikulu luze bat idatzi zuen euskal gatazkaren inguruan. Gaiak izango al du jarraipenik Orsai-n?

Momentuz ez, baina etorkizunean ikusiko dugu.

Zer aurreratu dezakezue apirileanaterako duzuen bigarren zenbakiaren inguruan?

Askorik ez. Askotariko autoreen artikulu eta ilustrazioak izango ditugu, asko gustatzen zaizkigunak. Bestalde, aurreneko zenbakian baino askoz argazki gehiago sartuko ditugu. Niri, momentuz, aurreko zenbakia baino gehiago gustatzen ari zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.